Lizarrako dultzaineroei ekainaren 23an egiten zaien harrera Coliseoan izango da

Coliseo Antzokia.

Coliseo Antzokia.

2021/06/09

Sanjuanetako ekintza esanguratsu hau herritarrei zabaltzeko asmoz, Jon Iraola alkateak, Eibarko pandemiaren egungo egoera baloratuta, ekitaldia Coliseo Antzokira eramatea erabaki du.Sarrera doan izango da, baina gonbidapena eskatu beharko da Coliseo Antzokiko leihatilan edo Kutxabanken.

Duela egun batzuk, Eibarko Udalak herriko jendeari jakinarazi zion aurtengo Sanjuan jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuela, eta ekainaren 23rako eta 24rako jaietako jarduera sinbolikoenak bakarrik programatu zituen, iaz  bezala.

Hasiera batean iragarri zen Lizarrako dultzaineroei egiten zaien ohiko harrera, ekainaren 23koa, Eibarko udaletxearen patioan egingo zela, aurreko urtean bezala. Hala ere, Sanjuanetako ekitaldi esanguratsu bezain maitatu hau herritarrei zabaltzeko asmoz, hiriko alkate Jon Iraolak, pandemiaren Eibarko egungo egoera baloratu ondoren, Coliseo Antzokira eramatea erabaki du.

Alde horretatik, Iraolak adierazi duenez,  “pandemiak ez digu uzten jaiak nahi bezala ospatzen, baina azken asteetako Eibarko osasun-datuek arnasaldia hartzeko aukera ematen digute. Horregatik, eibartar guztiek San Juan jaiei eta, bereziki, Lizarrako Dultzaineroen harrerari dioten maitasuna kontuan hartuta, erabaki dut, Kultura Sailarekin batera, ekitaldi hau herritarrei irekitzea eta Coliseo Antzokian ospatzea. Hori bai, bestela ezingo litzateke egin eta, horrelako ekintzek eskatzen dituzten segurtasun-neurriak zorrotz beteta.”

Sarrera doan izango da, baina gonbidapena eskatu beharko da Coliseo Antzokiko leihatilan edo Kutxabanken. Gonbidapen horiek ekainaren 18tik aurrera (ostirala) eskuratu ahal izango dira Coliseoko leihatilan, 17:30etik 19:30era. Kutxabanken, ekainaren 18ko 17:30etik aurrera.

Osterantzean, jarduera betiko orduan izango da, 13:00etan, eta streaming bidez eskainiko da Eibarko Udalaren Youtube kanalaren bidez.

Aurrekoaren harira, gogorarazten da, orain dela egun batzuk iragarri bezala, ekainaren 23an, 11:00etan, Untzaga plazan San Juan Zortzikoa izango dela Txistulari Bandarekin. Eta ekainaren 24an, eguerdian, Untzaga plazan, kontzertua emango dute Txistulari Bandak eta Lizarrako Dultzaineroek, eta 19:00etan, Coliseoan, Soka Dantza izango da Kezka Dantza taldearen eskutik.

Azkenik, Iraolak zera gaineratu du: “Gure Sanjuan jaiak eteteko erabakia, azken asteetan ikusi ahal izan dugun moduan, gure inguruko beste udalerri askotan, guztietan ez bada ere, hartu izan den erabaki bat izan da, Covid-19 pandemiaren ondorioz, leku askotako herriko jaiak bertan behera uzten ari baitira eta, mugatuta bada ere, ekitaldirik sinbolikoenak programatzen dituzte.”