LiburuTuber lehiaketa udal liburutegian

2021/03/24

Eibarko Juan San Martin liburutegiak lehiaketa hau antolatu du Haur Liburuaren Nazioarteko eguna ospatzeko eta ume eta gazteen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurketa sustatzeko helburuarekin. Parte hartzeko liburu bat aukeratu, bideo labur baten bidez liburu hori gomendatu, ondoren Liburutegira bidaliz. Bidalitako gomendio guztiak Liburutegiko YouTubeko kanalean jarriko dira, LiburuTuber zerrendan. Horrela, irakurleek egindako irakurketa-gomendioak eskainiko dira.

Oinarriak

Epea: 2021eko martxoaren 25etik apirilaren 19ra.

Nork har dezake parte?

6-14 urte bitarteko ume eta gazteek parte hartu dezakete lehiaketan. Hiru kategoria daude:

  • Lehen irakurleak (6-9 urte).
  • Irakurle aurreratuak (10-12 urte)
  • Superirakurleak (13-14 urte)

Sariak

Kategoria bakoitzeko irabazleari 75 euroko bonoa emango zaio liburuak erosteko.

Zer egin behar da?

  1. Gustuko ipuin edo liburu bat aukeratu.
  2. Grabatu bideo bat aukeratutako ipuina edo liburua gomendatzen.
  3. liburutegia@eibar.eus helbidera bidali Liburutegiko Youtube kanalera igo dadin. Azken eguna apirilaren 19a da, 20:00etan.

Xehetasunak

  • Liburu gomendioa banaka edo 2 pertsonako (LiburuTuber) taldean egin daiteke. Gehienez bi partehartzaile onartuko dira bideo bakoitzeko.
  • Iraupena: gehienez 3 minutuko iraupena izan behar du eta gutxienez minutu 1ekoa.

Nola egin:

  1. Liburua edo ipuina aukeratu.
  2. Aukeratutako liburua aurkeztu, ikusleari erakutsiz.
  3. Liburuaren titulua, egilea(ak) aipatu beharrekoak dira.
  4. Ondoren liburuaren laburpentxoa egin, dena kontatu gabe, spoilerrik gabe.
  5. Liburuaren irakurketarekin jasotako emozioak adierazi daitezke.
  6. Hizkuntza zaindua erabili behar da, esaldi laburrekin, hobe aditz jokatugabeak…
  7. Ikusleak irakurtzera animatu.
  8. Agurra.

Bideoak oinarrizko eskubide eta askatasunekin koherentea izan behar du, pertsonen duintasuna eta adin txikikoen eskubideak errespetatu behar ditu.

Egileak

Bideoan egile batek baino gehiagok parte hartu badu, egile guztien izen abizenak eta baimenak bidaliko dira.

Gurasoen baimena

Bideoan agertzen diren pertsonen irudi eta datuak argitaratu ahal izateko, adinez txiki diren parte hartzaileen kasuan, derrigorrezkoa izango da gurasoen baimen sinatua eskuratzea. Haiek onartu eta baimendu beharko dute beren seme-alaben irudia agertzen den bideoa lehiaketa honetan erabiltzea eta horri dagozkion blog, webgune eta sare-sozialetan argitaratzea. Baimen eskaera bideoa jaso ondoren egingo zaio lehiakide bakoitzari emailez. Baimena bidaltzen ez duten partaideen LiburuTubeak ez dira lehiaketako kanalean argitaratuko, baina lehiaketan parte hartuko dute.

CC lizentzia askea

Bideoak Creative Commons (Aitortu-Ez Komertziala-Partekatu Berdin) lizentziapean argitaratuko dira Youtuben. Lizentzia horrek beste erabiltzaile batzuei bideoa berdin partekatzeko aukera emango die, beti ere jatorrizko egilea nor den aitortuz eta helburu ez komertzialekin egiten bada.

Bideoen hedapena

Lehiakideek aurkeztutako bideoak liburutegiko komunikazio sareetan egongo dira ikusgai.