Eibarko Udala

Liburuaren Nazioarteko Eguna etxetik ospatzeko proposamena egin du aurten Eibarko Liburutegiak

2020/04/23
kartela
Covid-19ak eragindako konfinamendu egoeraren ondorioz, Liburuaren Nazioarteko Eguna etxetik ospatzeko proposamena egin du aurten Juan San Martin Eibarko Liburutegiak, bai helduentzako bai umeentzako.

"Grabatu zeure burua irakurtzen"

Covid-19ak eragindako konfinamendu egoeraren ondorioz, Liburuaren Nazioarteko Eguna etxetik ospatzeko proposamena egin du aurten Juan San Martin Eibarko Liburutegiak. Sare sozialen bitartez egingo da ekimena eta herritarrei bertan parte hartzeko deialdia egin die.

Ekimenarekin bat egin nahi duten herritarrek bideo bat grabatu beharko dute irakurtzen ari diren liburuaren pasarte bat irakurtzen. Ahal izanez gero, liburuaren azala bideoan agertzea eskatzen da eta, bestela, liburuaren izenburua eta egilea aipatzea.

Bideo laburrak aurkeztu behar dituzte partaideek, gehienez 45-60 segundokoak, eta bideo horiek Liburutegiaren sare sozialetara igo beharko dituzte, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko propio sortutako sarreren harian edo iruzkinetan; #LiburuarenEgunaEibarren #DíaDelLibroenEibar traolak erabili beharko dira. Era berean, sare sozialak erabiltzen ez dituztenentzako aukerarik ere eskaini dute: bideoak emailez (liburutegia@eibar.eus helbidera) edo WhatsApp-ez (688 691 733 telefono zenbakira) ere bidal daitezke eta Liburutegiak igoko ditu gero sareetara.

Apirilaren 30ean, osteguna, 20:00etan amaituko da ekimenean parte hartzeko epea. Eta ordura arte bideoak aurkeztu dituzten parte-hartzaileen artean liburuak erosteko 100 euroko bonoa zozketatuko duela iragarri du Liburutegiak.

Helduentzako argibideen laburpena


Umea bazara nola parte hartu 
"Zu ere ipuin kontalari"

Liburuaren eguna ospatzeko lehiaketa berezi hau proposatzen dizugu, umea baldin bazara. Ausartzen zara?

  • Gustokoa duzun ipuin bat aukeratu.

  • Grabatu bideo bat aukeratutako ipuina kontatzen.

  • Bidali liburutegia@eibar.eus helbidera eta liburutegiko Youtube Kanalera igoko dugu.

  • Bideoa apirilaren 30eko 20:00ak arte bidal dezakezu

  • PARTAIDEEN ARTEAN liburuak erosteko 100 €ko bonoa zozketatuko da.