"La fuerza del cariño" antzezlanarekin hasiko dira Antzerki Jardunaldiak, gaur eta bihar Coliseoan

"La fuerza del cariño" antzezlanaren kartela.

"La fuerza del cariño" antzezlanaren kartela.

2020/02/27

Lolita Flores, Luis Mottola, Antonio Hortelano eta Marta Guerras artistak izango dira protagonista, eta antzezlana 20:30ean hasiko da bi egunetan. Sarrerak agortuta daude dagoeneko.

Eibarko Antzerki Jardunaldien 43. edizioa atzo, otsailak 26, inauguratu zen modu ofizialean, Lolita Flores aktoreak, Luis Mottola aktore beteranoarekin batera, "Arrazako aktoreak" izenburupean eman zuen inaugurazio-hitzaldiarekin, Coliseo Antzokian.

Flores familiako artista gaur, otsailak 27, eta bihar ostirala, hilak 28, igoko da berriz ere Coliseoko eszenatokira, Magüi Mirak zuzendu eta bertsionatutako "La fuerza del cariño" obra interpretatzeko. Berarekin batera, izen handiko beste aktore batzuek ere parte hartuko dute, Luis Mottola bera, Antonio Hortelano eta Marta Guerras kasu.

Drama eta komedia batera

Aurtengo Jardunaldiak inauguratuko dituen lehen lan honetan, Pentación Espectáculos konpainiak 1983ko "La fuerza del amor" filmaren egokitzapena dakarkigu, bost Oscar sari irabazi zituena.

Aurora eta Emma oso harreman estua duten ama-alabak dira, baina bizitzari buruzko ikuspuntu oso desberdinak dituzte. Aurora, alargun dagoena, jenio biziko emakumea da baina bihotz onekoa, eta Emma etxetik atera eta independizatzeko irrikatan dagoen gazte errebeldea da. Komediaren eta dramaren aurpegi bikoitz hori aurkezten du testuak, non barrea eta negarra eskutik helduta doazen, eta egoera komikotik tragikora pasatzen da, emozioak eraginez.

Magüi Mira obraren zuzendari eta moldatzaileak nabarmendu ditu "Ezberdintasun handiak izan arren, bizitza egunero ospatzen duten lau pertsonaiekin egin duela topo”, eta "bizitzaren benetako motorra amodioa, maitasuna, maitatuak izateko beharra dela".

Bi egunetan, 20:30ean hasiko da antzezlana, eta jardunaldien edizio berriko komedia nabarmenetako bat bezala aurkezten da. Sarrerak agortuta daude dagoeneko.

Sakatu hemen Eibarko Antzerki Jardunaldien 43. edizioari buruzko informazio gehiago lortzeko.