Eibarko Udala
musika

JÜR Eibarko musika-proiektua aurkeztuko da ostiralean Coliseo antzokian

2025/01/23
Argazkian (ezkerretik eskumara): Andoni Zabala, kultur zinegotzia; Jon Iraola, Eibarko alkatea; eta Jürgen Landa, artista eibartarra.
Argazkian (ezkerretik eskumara): Andoni Zabala, kultur zinegotzia; Jon Iraola, Eibarko alkatea; eta Jürgen Landa, artista eibartarra.
Jürgen Landak bere proiektua aurkeztuko du —sentsibilitatez eta energiaz kargatutako proposamena—, musikari bikainez lagunduta.

Eibarko talentuak distira egingo du beste behin ostiral honetan (urtarrilak 24) Coliseoan, 19:00etan, JÜRi esker, alegia, Jürgen Landak lideratzen duen musika-proiektuari esker. JÜRek soinu freskoa eta emozioz betea eskaintzen digu, pop-rock estiloaren barruan, eta bidelagun ditu Julen Gutiérrez (gitarra), Alex González (gitarra), Miguel Beraza (baxua), Gaizka Uranga (perkusioa) eta Iván Requejo (pianoa).

Jon Iraola alkateak horrelako ekimenak bultzatzearen garrantzia azpimarratu du: “Eibar talentuaren haztegi bat da, eta Jürgen Landarena bezalako proiektuak herrian dugun sormenaren eta pasioaren isla dira. Funtsezkoa da gure artista gazteak babestea, haiek baitira gure herriaren izena kanpora eramaten dutenak".

Jürgenek hainbat erronka lortu ditu bere ibilbidean, hala nola EITBko "Ztanda" saioan finalista geratu izana, eta, hain zuzen, lorpen horrek are gehiago bultzatu du publikoarekin partekatzera bere musika.

Hala ere, Jürgen lehendik ere hasita zegoen musika munduan, esaterako, Makis 37 taldearekin "Azken akordiak" abestian kolaboratu zuen, eta dagoeneko entzuleen arreta erakarri duten bakarkako lanak kaleratu zituen, besteak beste, "Denborari" edo "Noraezean" kantak.

Andoni Zabala Kulturako zinegotziak ere bere poza adierazi du herriko talentua hazten ari dela ikusita: “Udalean jarraitzen dugu gazteen talentua bultzatzen duten ekimenen alde apustu egiten. Sanjuanetan egin genuen Izengabeak lehiaketarekin, eta egiten jarraituko dugu Jürgenenak bezalako ekimenekin, benetan sinesten dugulako gure gazteen kultur ahalmenean. Jürgenek eta bere taldeak Eibarko eta inguruetako musikaren etorkizuna ordezkatzen dute, eta oso pozik gaude ikusita nolako oihartzuna duen haren musikak bai herri barruan bai herritik kanpora. Halako proiektuek gure kultur eszena aberasteaz gain, beste gazte batzuentzat inspirazio-iturri izan daitezke”.

JÜRen emanaldirako sarrerak Coliseoko takillan edo Interneten (Kutxabank-eko webgunean) egongo dira eskuragarri, 5 eurotan.