Eibarko Udala
udal liburutegia memoria2025

2025ean, Juan San Martin Udal Liburutegiak 119.000 bisita baino gehiago izan ditu, eta maileguak % 7 hazi dira

2026/02/26
Memoriaren azala

Juan San Martin Udal Liburutegiak 2025eko jarduera-memoria aurkeztu du.

Juan San Martin Udal Liburutegiak 2025eko jarduera-memoria aurkeztu du. Beste urte batez, herriko topagune eta ikasketa- eta kultura-gune nagusietako bat dela berretsi du, eta bertako jarduerak sendotu egin dira. 

“Liburuak baino askoz gehiago” den espazio gisa ulertuta, urteko balantzeak zerbitzuen erabileraren hazkundea ez ezik, belaunaldien arteko bizikidetza gune, ikastetxeen laguntza-zerbitzu eta udaleko kultura-, berdintasun- eta jasangarritasun-politiken eragile aktibo gisa duen eginkizuna ere islatzen du.

Liburutegi bizia erakusten duten datuak

2025ean 119.345 bisita erregistratu dira, eta eguneko batezbestekoa 431 lagunekoa izan da. Gaur egun, Liburutegiak 13.352 bazkide ditu, hau da, Eibarko biztanleriaren % 48,58: ia bi herritarretik bat liburutegiko komunitateko kide da.

Mailegu-zerbitzuak ere %7ko hazkundea izan du 2024arekin alderatuta, eta guztira 39.962 dokumentu mailegatu dira; batez beste, 146 mailegu egunero. Maileguen % 27 euskarazko dokumentuak izan dira, eta mailegu-zerbitzua erabili duten pertsonen %57 emakumeak izan dira.

Bildumak 90.969 dokumentu izan ditu guztira, eta urtean zehar 2.769 ale berri gehitu dira.

Irakurketa sustatzea, txikitatik

Irakurzaletasuna sustatzea Liburutegiaren ardatz estrategiko nagusietako bat da. 2025ean 214 jarduera antolatu dira, zeinetan 2.807 lagunek hartu duten parte; horrek %7,26ko igoera ekarri du parte-hartzean.

Haurrei eta familiei zuzendutako programek jarraitzen dute liburutegiaren ezaugarri nagusietako bat izaten. Besteak beste, Bularretik Mintzora – Mintzoan kux-kux, haur irakurketa-taldeak (Azalerako Ipuinak, Liburuen poltsa, Paperezko Hegoak) eta Zapatuko ipuina ahozko narrazio saioek parte-hartze handia eta familien balorazio oso positiboa izan dute.

Halaber, ikastetxeekin elkarlanean, “Liburutegi ibiltaria” programaren bidez, 557 liburu bidali dira ikastetxeetara eta 228 ikaslerekin bisita gidatuak egin dira. 

Irakurketa-klubak eta komunitatea

Helduen arloan, irakurketa-klubek kultur topagune sendo izaten jarraitzen dute. Euskarazko Idazlearekin harixa emoten klubak zortzi saio egin eta 118 lagun bildu ditu, egile ezagunekin izandako solasaldietan. Gaztelaniazko klubak, berriz, 143 parte-hartzaile izan ditu.

Urteko ekimen esanguratsuenetako bat Giza Liburutegia izan da, Udaleko Immigrazio eta Kultur Aniztasun Unitatearekin elkarlanean antolatua. Italia, Sahara, Brasil, Peru eta Nepalgo jatorria duten pertsonek hartu dute parte, elkarrizketa eta aurreiritziak hausteko espazio aberasgarria eskainiz.

Zerbitzu digitalak eta bizitza osoko ikaskuntza

eLiburutegia mailegu digitaleko zerbitzua ere eskuragarri egon da; Eibartik 1.562 deskarga egin dira eta 239 erabiltzaile aktibo izan dira.

Bestalde, hizkuntzak praktikatzeko topaketek (Meetings at the Library eta Réunions dans la Bibliothèque) 61 saio egin dituzte eta 496 lagunek hartu dute parte, Liburutegia ikasketa ez-formalerako eta sozializaziorako gune gisa sendotuz.

Inbertsioa eta zerbitzuen hobekuntza

2025ean bilduman egindako inbertsioa 36.215 eurokoa izan da, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker. Irakurketa sustatzeko jardueretara 24.745 euro bideratu dira.

Teknologia eta ekipamenduen atalean, lupa adimendun bat eskuratu da, ikusmen-zailtasunak dituzten pertsonei irakurketa errazteko eta irisgarritasuna hobetzeko.


Memoria osoa udal webgunean kontsulta daiteke, eta urteko datu esanguratsuenen laburpen-bideoa ere eskuragarri dago. 

Juan San Martin Udal Liburutegiak, horrenbestez, informaziorako sarbide unibertsala bermatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko eta komunitate kritikoago, inklusiboago eta kohesionatuago bat eraikitzeko konpromisoa berresten du.