II. Mercedes Kareaga Beka Begoña Etxenagusia Atutxak aurkeztutako proiektuari ematea erabaki du epaimahaiak
2025-2027 bitartean egin beharko du ikerketa-lana
Begoña Etxenagusia Atutxak irabazi du bigarren aldiz Mercedes Kareaga ikerketa-beka. 2022an irabazi zuen lehen edizioa, eta, oraingoan ere, epaimahaiak haren proiektua saritzea erabaki du.
Bi izan dira aurkeztu diren proiektuak, baina epaimahaikideek Begoñaren lanaren zehaztasuna nabarmendu dute. Artxibo eta iturrien inguruko ezagutza handia erakutsi du onuradunak; tokiko, probintziako eta estatuko artxiboetan lan sakona egingo dela aurreikusten da eta prentsa historikoaren eta bibliografia espezializatuaren aipamen zehatza egiten du. Horregatik guztiagatik izan da Etxenagusia II. Mercedes Kareaga Bekaren irabazlea.
Dagoeneko hasita dago ikerketa-lanarekin, eta, datozen hilabeteetan, deialdiaren oinarrietan ezarritakoari jarraituta, lehenengo txostena aurkeztuko du. Ikerketa-lan honen emaitzarekin gure historiaren hutsune bat betetzea espero da, baita herriko maistren lanen inguruko datu esanguratsuak izatea ere.
Gainera, aurten argitaratuko da lehenengo bekaren ikerketa-lanaren emaitza, hau da, Mercedes Kareagaren biografia.