Herriko zortzi mugarri historiko konponduko dira, Klub Deportiboko adituen gidaritzapean

Santutxueta mugarria, 1764 urtekoa

Santutxueta mugarria, 1764 urtekoa

2022/05/27

Ego Ibarra Batzordeak, maiatzaren 25ean egindako bilkuran, azken urte hauetan kaltetu diren mugarriak konpontzeko erabakia hartu du.

Eibarko mugarrien ikerketa eta landa-lana Eibarko Klub Deportiboko Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviño kideek egin zuten 2013-2014 urteetan, Udal Artxiboan dauden akta historikoetan oinarrituta, hain zuzen ere, 1927. urtean, herriko mugarriak seinalatzeko gainerako udal guztiekin batera egindako aktak ondo miatuta; akta horiek, herriko alkateak eta bertako zinegotziek, perituek eta idazkariak, mugakide ziren gainerako herri guztietako alkateekin eta beste herri horietako idazkari, peritu eta zinegotziekin batera jasotakoak dira. Harrez geroztik, Eibarren ez da berriro horrelako akta-jasotze ekitaldirik egin.

Lan hori egiteko, Deportiboko kideek, aurrenik, udalerriko mugaren lerroak dituen kantoi, okatx edo izkin guztien UTM koordenadak kalkulatu zituzten (172 puntu); eta, ondoren, lan hauek egin zituzten: mugarri bakoitzak zuen izena jaso, X eta Y koordenadak bildu, zein altueratan dagoen hartu, argazkiak atera, harri-mota zehaztu, harriaren itxura, inskripzioak, mugarria herri-artekoa edo probintzien artekoa den zehaztu, zein egoeratan dagoen esan eta aurreko mugarritik zenbat metrora dagoen zehaztu. Udalak bere aldetik, Euskaltzaindiari bidali zizkion batutako leku-izen guztiak, eta izenak normalizatu ziren. Azkenik, 2014an konpondu egin ziren egoera eskasean zeuden mugarriak.

Harrez geroztik, hainbat baso-lan egin da Eibar, Soraluze, Bergara eta Elgeta herriek muga egiten duten mendi inguruetan eta mugarriak kaltetu egin dira: batzuk lekuz aldatu eta beste batzuk lurperatuta geratu dira. Horregatik, Ego Ibarra Batzordeak, maiatzaren 25ean egindako bilkuran, herritar batzuek hala eskatuta, kaltetuta dauden mugarri hauek konpontzea erabaki du: Illordogaña 1 (41, Eibar-Soraluze) Illordogaña 3 (43, Eibar-Soraluze), Kiñarra (53 Eibar-Bergara), Sarroi (55, Eibar-Bergara), Sarroi 1 (56, Eibar-Bergara), Bergaretxelarrea (57, Eibar-Bergara), Bergaretxelarrea 1 (58, Eibar-Bergara), Azurtzaiturriburua (59, Eibar-Bergara-Elgeta).

Oraingo konponketa hauek egin aurretik, kaltetutako mugarrien inguruko herrietako alkate guztiei adierazi zitzaien asmoa eta denek eman zuten beren oniritzia, interes historiko handia dutelako eta herri ororen oroimenaren elementu garrantzitsuenetariko bat delako.

etiketak: egoibarra