Eibarko Udala
udal liburutegia irakurketa gidak umeentzako jolasak

Gozatu udan irakurtzen eta jolasean: familian euskaraz gozatzeko proposamenak

2026/06/15
Gidaren azala

Eibarko Udaleko Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Euskara Zerbitzuak "Gozatu udan irakurtzen eta jolasean" gida argitaratu dute, udako oporretan familiei euskaraz gozatzeko aukera eskaintzeko.

Eibarko Udaleko Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Euskara Zerbitzuak "Gozatu udan irakurtzen eta jolasean" gida argitaratu dute, udako oporretan familiei euskaraz gozatzeko aukera eskaintzeko. Gidak adin-tarte desberdinetarako liburu gomendioak eta euskal jolas tradizionalak biltzen ditu, aisialdia irakurketarekin eta hizkuntzaren erabilerarekin uztartzeko helburuarekin. 

Udako oporrak aukera paregabea dira familiarekin denbora gehiago partekatzeko. Horregatik, gidak irakurzaletasuna sustatzeaz gain, haur eta gazteen euskararen erabilera indartzea ere bilatzen du, dibertsioaren bidez. Horretarako, 0-4 urteko haurrentzako lehen irakurketetatik hasi eta 12 urtetik gorako gazteentzako proposamenetaraino iristen den hautaketa zabala eskaintzen du. 

Liburu gomendioekin batera, familian edo lagunartean egiteko euskal jolas tradizionalak ere aurki daitezke gidan: abesti-jolasak, hatz-jolasak, sokasaltoa, aire libreko talde-jolasak eta intxaurrekin egiteko jolasak, besteak beste. Horiez gain, euskarazko baliabide digitalak eta online jolasak ere jasotzen dira. 

Gidako liburuen azaletan klik eginez, udal liburutegiko katalogora zuzenean sartzeko aukera dago, aleak non dauden eta eskuragarri dauden egiaztatzeko. 

Uda honetan, irakurketak, jolasak eta euskarak bat egiten dute familian une atseginak sortzeko. Animatu gida deskargatzera eta oporrak istorioz, jolasez eta euskaraz betetzera.