Eibarko Udala
egoibarra

Goi Argi Elkarteak 75 urte beteko ditu martxoaren 19an

2026/03/18
Goi Argi Elkarteak 75 urte beteko ditu martxoaren 19an

Eibarko Udalak omenaldia egingo dio elkarteari bihar udaletxeko Bilkura Aretoan

.

 

Goi Argi elkartea 1951ko martxoaren 19an sortu zen, helburu argi batekin: emakumeak elkartzeko espazio bat izatea. Mercedes Kareagaren beste ekimen garrantzitsuetako bat izan zen elkarte hau eta 1975. urtera arte Sociedad Femenina Eibarresa deitu zen, garaiko testuingurua kontuan izanik.

Goi Argi talde-lanaren emaitza da, emakume askoren ahaleginaren eta indarraren emaitza: Mercedes Kareaga, Aurora Etxaburu, Mª Teresa Telleria, Miren Mendikute, Carmen Apellaniz, Celia Murua edota Mertxe Juaristi aipatu behar ditugu beste askoren artean.

Elkarte hau sortzeko, dirua bildu zuten emakume guztien partaidetzari esker, mailegu bat eskatu zuten, eta Toribio Etxeberria kalean lokal bat erosi zuten, 1951ko martxoaren 19an ateak zabaldu zituena, 600 bazkiderekin. Lehenengo Zuzendaritza Batzordea honakoek osatzen zuten: Julia Sarasqueta, lehendakaria; Josefina Orbea, idazkaria; Maritxu Irusta, diruzaina; eta Tere Ganchegi eta Francisca San Miguel, bokalak.

Baina emakume haien helburua Toribio Etxeberria kaleko 19. zenbakian dagoen elkartean biltzeaz harago iritsi zen, eta ekimen ugari egiten zituzten. Goi Argik beti izan zuen ongintzarako grina, eta herritaren memorian dagoen ekimenen artean, Tonbola dago; horrekin lortu zen, adibidez, San Andres egoitza sustatzea.

Gaur egun, elkarte honek gutxi gorabehera 120-130 bazkide ditu, eta eraldaketa prozesu batean dago murgilduta. Jende gaztea erakarri eta belaunaldien arteko harremanak sustatu eta egonkortu nahi dituzte.

Aurten, 75 urte betetzen dira Goi Argi sortu zela, eta hori da, hain zuzen ere, ostegun honetan udaletxeko Bilkura Aretoan ospatuko dena eguardiko 12:00etan.