Eibarren ere "Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Zuk aukeratzen duzu" kanpaina martxan da

Kanpainaren kartela

Eskatu eta eskaini euskaraz

2022/12/05

Eibarko Udalak, …eta kitto! Euskara elkarteak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI), Dendarien elkarteak eta Ostalarien elkarteak bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskararen erabilera eta bertako merkataritza sustatzeko martxan jarritako kanpainarekin.

Kanpaina abenduaren  5ean hasi eta urtarrilaren amaiera arteko luzatuko da. Telebistan spotak, irratian iragarkiak eta Eibarko kaleetan banderolak ikusi ahal izango dira.

Ekimen hau hainbat eragilerekin elkarlanean bideratu da, eta Eibarrek bezala EAEko udal askok egin dute bat proiektuarekin.

Kanpaina honetan lehen hitza euskaraz egin dezaketen merkatariak, ostalariak eta bezeroak dira protagonista. Kanpainaren bitartez erosketak Eibarren bertan egitea eta euskaraz egitea bultzatu nahi da.

Gure denda eta tabernetan askotan entzuten dugu “Jarri betikoa”; konfiantzazko harremana dagoela adierazten digu esamolde horrek, gertukoa, betikoa… Horrela, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak eta azpimarratzen du aukeratzen duzun hitzaren araberakoak izango direla zure harremanak, “Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. zuk aukeratzen duzu” lelopean. Mezu hori da hain zuzen ere kanpainaren ardatza.

Eibarren,  …eta kitto! Euskara elkarteak, Dendarien elkarteak, ostalarien elkarteak eta EMGIk azken urteetan Udalaren babesarekin kanpaina bereziak egin dituzte, bai euskara sustatzeko, bai bertako eta gertuko merkataritza bultzatzeko ere #EibarrenBadakagu  eta www.erosieibarren.eus moduko kanpainen bitartez. Oraingoan egitasmo horiei "Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Zuk aukeratzen duzu" kanpaina batuko zaie.