Eibarko Udalak urrezko Bikain ziurtagiria lortu du

Ziurtagiriaren irudia

Urrezko Bikain

2022/12/05

Bikain ziurtagiriak erakundean euskarak duen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzen du, eta Udalak goi mailako ziurtagiria eskuratu du.

Eibarko Udalak urrezko Bikain ziurtagiria lortu du, bigarren aldiz aurkeztu ondoren ziurtagiria eskuratzeko ebaluaketara. Lehen aldiz 2015ean aurkeztu zen eta zilarrezko ziurtagiria (erdi mailakoa) lortu zuen. Zazpi urte beranduago, ziurtagiria berritzeko asmoz, berriro aurkeztu da Bikain kanpo-ebaluaziora.

Guztira 1.000 puntu daude jokoan eta urrezko bikain ziurtagiria lortzeko 800 puntuko langa gainditu behar da. Eibarko Udalak 800-849 puntu artean lortu ditu.

Kanpotik etorritako ebaluatzaile taldeak egindako balorazioaren arabera, goi mailako ziurtagiria lortzeko adina puntu emateko arrazoiak hauek izan dira:

  • Eibarko Udalak definitua du bere hizkuntza-politika. Bertan jasota daude herritarrei arreta emateko orduan langileek eta hautetsiek izan beharreko hizkuntza portaera. Horretaz gain udalean euskara lan-hizkuntza izan dadin ere irizpideak, instrukzioak eta protokoloak indarrean daude eta jarraipena egiten zaie.
  • Hizkuntza-politika garatzeko propio sortutako organoak eratuta daude partaidetza politikoz eta teknikoz (Euskara Batzordea eta Euskararen Normalkuntza Batzorde Aholkularia) eta baita udal osoan zeharkakotasuna lortzeko Euskararen Mahaia, udal-sail guztietako langilez osatutako egitura.
  • Egindako neurketen arabera, udal barneko erabileran, bai idatzian, bai ahozkoan erabilerak nabarmen egin du gora azken 5 urtean.
  • Udalak zerbitzu desberdinak kontratatzeko orduan eta diru-laguntzak emateko orduan hizkuntza-irizpideak txertatzen ditu.

Udalak jasotako emaitzaren oso balorazio positiboa egiten du, eta bereziki baloratzen du hautetsi eta langileek urte hauetan guztietan egindako lana eta jarritako ilusioa.