Eibarko establezimenduetan Euskaraz barra-barra eta Euskeraz Primeran!

Ordezkarien argazkia

Egitasmoko parte hartzaileak

2023/12/13

Eibarko Dendarien Elkarteak, Gipuzkoa Merkatariak Federazioak, Eibar Merkataritza Gune Irekiak, Eibarko Udalak eta ...eta kitto! Euskara Elkarteak Euskaraz barra-barra (e//) eta Euskaraz primeran! kanpainaren aurkezpena egin dute.

Elkarte horiek guztiek Eibarko Udalarekin lankidetzan dihardute aspalditik Eibarko denda, taberna eta zerbitzuetan euskararen erabilera sustatzeko.

Zentzu horretan, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin, badira hainbat programa eta ziurtagiri, euskara erabili eta sustatzen duten saltoki, enpresa eta entitateak identifikatu eta euskaraz aritzeko gaitasuna aitortzen dutenak, bezeroek eta herritarrek horren berri izan dezaten.

Eibarren aski ezaguna da Euskeraz Primeran! marka, eta, orain, ildo beretik, euskara erabiltzeko gaitasuna identifikatzeko eta aitortzeko marka bateratua sortu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak: Euskaraz barra-barra du izena, eta euskararen lurralde guztietara zabalduko dute.

Marka bateratu horren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela establezimendu edo entitate jakin batean, Euskaraz barra-barra marka duten guneetan bermatuta egongo baita euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa.

Eibarrek bat egin du Euskal Herri osoan zabaltzen ari den Euskaraz barra-barra markarekin, eta bateragarria izango da Eibarren dugun Euskeraz Primeran!-ekin ere. 2024ra begira Euskeraz Primeran!-ek mailaketa bat egingo du eta, gaur egungo oinarrizkoaz gain (beltza), zilarrezko eta urrezko markak ere izango ditugu, establezimenduaren euskararen erabileraren araberakoak.

Momentuz Eibarko 40 establezimenduk jasoko dute e// (Euskaraz barra-barra) adierazgarria. Euskeraz primeran beltza 30 establezimenduk jasoko dute, zilarrezkoa 13k eta urrezkoa 27k. Guztira 70 establezimenduk jasoko dute maila bateko edo besteko agiria.