Eibarko antzinako musika-ondarea lantzen, eguneratzen eta hedatzen ari da Ustekabe txaranga

2021/07/16

Ustekaberen instrumentuek eta Eibarko Koro Gaztearen ahotsek herriko 11 kanta edo doinu zahar adierazgarrienak jasoko dituzte udazken aldean kaleratuko den diskoan.

Agur esanda banua, Arragueta, Suite Eibartarra, Eibar tiene su entrada, Eibarko Herria, Forjarien kanta, Hiru gizon ilustre, Venid al pueblo de Eibar, Arrateko Ama, Himno a Eibar eta Cielito. Horiexek dira txaranga eibartarrak harmonizatu eta berriro konposatu dituen kantu herrikoiak edo doinuak, zaharberritu dituen lanak, Ego Ibarrak bere sasoian kaleratu zituen Kantuz Kantu eta Juan Bautista Gisasola musika-lanak liburuetan oinarrituta.

Harmonizatze-lan hutsetik haragokoa den zeregin horretan Asier Ardaiz, Rakel Arbeloa, Beñat Etxabe, Jon Viejo eta Xabier Oruesagasti musikari gazteak aritu dira. Une honetan, txarangako 18 kideak murgilduta dabiltza Coliseoan egiten ari diren grabazio-lanean Walter Tuzzeo soinu-teknikariaren laguntzarekin.

Diskoarekin batera, kantu bakoitzari buruzko informazio historikoa eta Udal Artxiboaren argazkiak bilduko dituen liburuxka bat ere egiten ari dira txarangako kideak.

Eibarko Udalaren “Juan Bautista Gisasola” Musika Eskolatik sortutakoak ditugu biak, bai Eibarko Koro Gaztea, bai Ustekabe txaranga. Lan honetarako, Kultura Batzordearen dirulaguntza jaso du txarangak, herriarentzat eta musika alorrarentzat balio handikoa dela iritzita.

Eguneratze-lan zorrotza egin duen txaranga eibartarraren eskerrona jaso du musika-lekukotasun zahar haiek beren oroimenean gorde eta zabaldu zituzten pertsonen eskuzabaltasunak.

 Grabazioko argazki galeria gure webgunean ikusi dezakezu.

Eibarko antzinako musika-ondarea lantzen, eguneratzen eta hedatzen ari da Ustekabe txaranga

Argazkia: Maitane Campos

etiketak: egoibarra