Bisita gidatuak eta erakusketak Eibarren, II. Errepublika gogoan

Udalak bisita gidatu bat antolatu du, eta oroitzapenezko horma-irudiak jarriko ditu, Bigarren Errepublikaren aldarria gogoratzeko. Gerra Zibilaren Arrateko Interpretazio Zentroa berriz zabalduko da, apiriletik aurrera.
Eibarko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren eguna dela-eta. Besteak beste, aipatu beharra dago "Errepublika. Untzaga Plaza, oroimenaren lekua" izeneko bisita gidatua; apirilaren 13an, igandea, Untzaga Plaza enblematikoan egingo da.
Jesus Gutierrezek gidatuko du bisita, eta bi saio izango ditu: 11:00etan gazteleraz, eta 12:30ean euskaraz. Udaletxeko arkupeetan bilduko da taldea/jendea/bisitariak, eta handik hasiko da ibilbidea. Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 17tik apirilaren 7ra arte, eta esteka hauetako formularioaren bidez egin daiteke:
Plaza-kopurua mugatua da (25 pertsona taldeko), eta kopuru horretatik gorako eskaera egonez gero, zozketa egingo da. Parte-hartzaileen behin betiko zerrenda apirilaren 8an argitaratuko da.
Bisita gidatuaz gain, apirilaren 14an argazki historikoak dituzten horma-irudiak jarriko dira herriaren hainbat tokitan, Bigarren Errepublikaren aldarrikapena gogoratzeko.
Jon Iraola Eibarko alkateak horrelako ekimenek Eibarko memoria historikorako duten garrantzia azpimarratu du: “Eibarrek paper garrantzitsua bete du Errepublikaren historian, eta horrelako ekintzek aukera ematen digute gure iragana gogoratzeko eta hartaz hausnartzeko. Funtsezkoa da belaunaldi berriek jakitea zer gertatu zen eta garai hark zer adierazi zuen gure herriarentzat zein herrialde osoarentzat”.
Bestalde, Eibarko Udalak iragarri du, apiriletik aurrera, Gerra Zibileko Arrateko Interpretazio Zentroa irekiko duela berriz ere. Zentroa igandero egongo da zabalik, 11:30etik 13:30era, eta Aste Santuko jaiegunetan ere bai. Hala ere, abuztuko hiru asteburutan itxita egongo da (10ean, 17an ta 24an).