Aurten argitaratuko da Viteritarrak / Los Viteri de Eibar liburua, Isaac, Javier eta Alberto Saénz de Viteri medikuen biografiak bilduko dituen lana.

2022/05/13

Bokazioan oinarrituta eta mediku-lana herritarrentzako zerbitzutzat hartuta, etengabe sendagintzan jardun duten hiru belaunaldiren historia islatuko du liburuak.

Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordeak, apirilaren 20an egindako bilkuran, Antxon Narbaiza filologo eibartarraren proposamena onetsi zuen, Sáenz de Viteri medikuen hiru belaunaldien ibilbidea islatuko duen liburuaren ildo nagusiei buruzkoa.

Liburuaren egilearen hitzetan “ez dugu beraiengan ikerketa berezirik aurkituko; ez. Baina egunerokotasun gordinenean frogatzen dela uste dugu, batez ere lanbide honetan, gizaseme batek lanari dion txera. Eta horrelakotik asko erakutsi dute Viteritarrek ehun urteko ibilbidean."

Mediku-familia honen hasierako enborra Isaac Saénz de Viteri Cortazar izan zen, Eskoriatzan jaiotakoa. 1913ko apirilaren 20an izendatu zuten Eibarko mediku titular. Julio Sarasuak, Eibar aldizkarian argitaratutako artikulu batean zioen On Isaac benetako instituzioa zela gure herrian, erreferentzia bat, eta eskoriatzarrak Eibarren egindako lehen urratsak zekartzan gogora, herria kale estuko, etxe iluneko eta jende gutxiko herria zenean. Sarasuak zioen Isaac Viteri eta Ziriako Aguirre medikuek jakin izan zutela ikasitako zientzia beste metodo enpirikoago batekin batzen eta ondo asko ezagutzen zituztela biek familien joera patologikoak eta ahuleziak. Isaac Saénz de Viteri 1973an zendu zen, 85 urte zituela, medikuntzan 52 urtez jardun ondoren, horietako 42 Eibarren.

Isaacen semeak, Javierrek, aitaren ofizioari jarraitu zion eta Eibarko mediku gisa nabarmendu zen, eta orduko kroniken arabera, ez zuen neurririk dedikazioari dagokionez. Marka guztiak hautsi zituen etxeko bisitetan —erakundeetan eta fabriketan egiten zuen lana alde batera utzita—, eta horrela egunero, urte askoan. Javier Saénz de Viteri 1976an hil zen, 51 urterekin. Bere seme Albertok 1979an ekin zion mediku-lanari, Deban; 1979ko abenduan Eibarrera etorri zen Alfako mediku gisa lan egitera, eta enpresa hura utzi ondoren, Orbean eta Grupo Danobat enpresetan ibili zen. Lan horrekin batera, kontsulta pribatuan jardun du lanean, duela gutxi erretiroa hartu duen arte.

Bokazio hutseko medikuntza-lana herritarrentzako zerbitzutzat hartuta, egiten zuten lanari aparteko garrantzirik emateke sendagintzan jardun duten hiru mediku-belaunaldiren historia islatuko du liburuak.

Txartel osoa
Isaac Saénz de Viteri mediku titularraren 1934ko karneta, Alejandro Telleria alkateak sinatua.

etiketak: egoibarra