"Astindu Eibar" hizkuntza eskubideen ataria aurkeztu du AKEBAIk

"Astindu" egitasmoarekin bat egin duten elkarte eta erakundeen ordezkariak

argazkia: ...eta kitto!

2021/06/09

AKEBAIko Ekipoak “Astindu” egitasmoa aurkeztu du prentsaren aurrean. Egitasmoarekin bat egin dute Eibarko Udalak, …eta kitto! Euskara Elkarteak, Eibar Kirol Elkarteak, Dendarien Elkarteak eta San Andres Ostalaritza Elkarteak

"Astindu” Eibarren AKEBAIk sortu duen egitasmoa da. Gure herrian euskararen presentzia handitzea eta erabilera areagotzea eta normalizatzea du helburu.

AKEBAIko ekipoaren hitzetan, erabileran eragiteko garbi dago hizkuntza-ohiturak aldatu behar ditugula eta ezinbestekoa dela euskal hiztunok ahalduntzea eta hizkuntza eskubideak ezagutzea. Horretarako sortu dute “Astindu Eibar” hizkuntza eskubideen ataria, herritarrei hizkuntza-eskubideen berri emateko, eta horiek bermatu eta errespetarazteko. Eibartarrek eta Eibarko zerbitzuetako erabiltzaileek hizkuntza-eskubideen inguruan izan ditzaketen zalantzak, kezkak, galderak… jasotzeko eta argitzeko kanal bat; bertokoa, gertukoa, herrikoa. Herritarrek jasotako hizkuntza-eskubideen urraketak edo ustezko urraketak adierazteko eta partekatzeko kontaktua izango da, eta ahalik eta modu egokienean bideratzeko gomendioak eman eta bitartekaritza eskainiko dute.

Elkarlanean, elkarri lagunduz, modu baikor eta eraikitzailean lortuko da Eibarren euskararen presentzia handitzea. Eibartar guztion parte-hartzearekin lortuko dugu Eibar euskaldunagoa egitea.