2024ko San Juan jaietarako Udalak antolatu dituen kontzertu nagusiak Bulego eta La Pegatina taldeek eskainiko dituzte

2024ko Sanjuanetako kontzertu nagusien aurkezpenaren irudia. Ezkerretik eskuinera: Patxi Lejardi, jaietako zinegotzia; Jon Iraola, Eibarko alkatea; eta Andoni Zabala, Kultura zinegotzia.

2024ko Sanjuanetako kontzertu nagusien aurkezpenaren irudia. Ezkerretik eskuinera: Patxi Lejardi, jaietako zinegotzia; Jon Iraola, Eibarko alkatea; eta Andoni Zabala, Kultura zinegotzia.

2024/03/06

Euskal taldeak ekainaren 21ean joko du eta Kataluniakoak hurrengo egunean, biek ere Untzaga plazan. Jon Iraola alkateak, sare-sozialetan eskabide pila bat jaso ondoren, DJak egongo direla iragarri du.

La Pegatina Kataluniako talde ezagun eta ospetsua eta Azkoitian sortutako Bulego taldea San Juan jaietan izango dira aurten, ekainaren 21ean eta 22an, Untzagako plazan egingo diren gaueko doako kontzertuetan.

Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Patxi Lejardi zinegotziak aurkeztu dute gaur 2024ko San Juan jaietako musika-programazioa,  bi kontzertu nagusi hauek jasotzen dituena.  

Bulegok ekainaren 21ean (ostirala) emango du kontzertua, 23:00etatik aurrera. Talde azkoitiarrak Untzaga plazan aurkeztuko ditu bere kantak. 2019an sortu zen taldea eta ibilbide arrakastatsua egin du hain denbora gutxian. Haien kanta batzuk irratien zerrendetako lehen postuetan egon dira: “Suzko Erroberak” “Bueltan da”. Azken kantu hori 2021eko udako abesti aukeratu zuen Gaztea Irratiak.

Hurrengo egunean, ekainaren 22an, Untzaga plazan baita ere, La Pegatina taldeak joko du 23:00etatik aurrera. Untzaga plaza osoa dantzan jarriko duen errepertorio zabal eta arrakastatsua aurkeztuko dute. Talde ezagun honek, Espainiako musika-jaialdi onenetan jo izan duena, besteak beste, “Maricarmen”, “Lloverá y yo veré” edo “Y volar” kantu ezagunak aurkeztuko dizkigu.  

Bi kontzertu hauek aurtengo sanjuanetako musika-eskaintza nagusia osatzen badute ere, Jon Iraolak eta Andoni Zabalak iragarri dute jaietako musika-programazioan beste emanaldi batzuk ere izango direla eta Eibarko jaien programazioa itxi ahala ezagutaraziko direla. Alkateak aurreratu du, hilabete hauetan sare sozialen bidez idatzi dioten gazteen eskariei erantzunez, 2 DJ izango direla.  

Era berean, adierazi duenez, Bulego eta La Pegatina Eibarren egoteak “ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, baina seguru gaude merezi duela, eta espero dugu Eibarko eta beste herri batzuetako jendea etortzea”. Gure helburua herri osoa dantzan jartzea da”.

La Pegatinaren kasuan, alkateak hauxe azpimarratu du: “Estatu osoko jaietan gehien eskatzen den taldeetako bat izango dugu eta mugimenduz eta dibertsioz betetako ikuskizun batez disfrutatu ahal izango dugu”. Bulegori dagokionez, “ibilbide laburra izan arren, taldea erabat sendotuta dago eta kantu arrakastatsu asko ditu bere errepertorioan”.