Juanjo Olasagarrerekin "harixa emoten"

IDAZLEA

Juanjo Olasagarre Arbizun jaio zen 1963an. Donostian psikologia-ikasketak euskaraz egin zituen lehenengo promozioko ikaslea izan zen. Lizentziatu zenez geroztik euskara eta hizkuntza irakastea ditu ogibide, bigarren hezkuntzan. Euskaltegi eta barnetegietan ere jardun zuen irakasle 1980ko hamarkadan.

Hainbat hedabidetan kolaboratu izan du, hala nola, Egin, Egunkaria, Berria eta Deia egunkarietan, edo Argia astekarian. 2005etik sarean argitaratzen den Volgako Batelariak literatura aldizkariko partaide da, gaurko literaturaren inguruko kritika eta artikuluak plazaratu izan ditu bertan.

"POZ ALDREBESA" ELEBERRIA

Bi gizonezkoren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du Juanjo Olasagarrek bere hirugarren nobelan: amodioa, lagunartea, politika.

Telebistako kazetaria da Axi Iminizaldu eta Boletin Ofizialaren itzultzailea Joseba Aldaz. Hemeretzi urte daramatzate bikote izaten. Bilboko jatetxe batean afaltzen ari dira, Josebak esan duenean: “Azken boladan zerbait falta zaigu”; Axik bizkor erantzun du: “Boladak izaten dira sexu askokoak eta sexu gutxikoak”; Josebak bota dio: “Orduan kanpoan maiz larru jotzen ari zara?”.

Fideltasunaren eta leialtasunaren arteko aldea bereiztea ez da hain zaila. Edozeinek  egin dezake akordio argi bat kontu horri buruz. Baina gero ez da erraza izaten ardura etikoak eta portaera praktikoak beti bat etortzea. Egia esatearen eta egia ezkutatzearen artean dagoen tarte txikia amildegia bilaka liteke une kritikoren batean.

Bakeak egitea da istorio honen asmoa, ez minaren eta haserrearen aurrean mendekua hartzea.

Zer
Noiz 2018/02/06
19:00 - 20:00
Non Portalea. Kulturako 3 batzartokia
Hitzordua egutegira gehitu vcal formatuaren ikonoa vCal ical formatuaren ikonoa iCal