Eibarko Udala
2026/12/01 19:00-20:00
irakurketa kluba

Idazlearekin harixa emoten: Fatima Mernissi ; itzultzailea, Edurne Lazkano Ibarbia

Portalea. Batzartoki 1

Euskarazko irakurketa klubeko saio honetan itzultzailea izango da gonbidatua

“Idazlearekin harixa emoten” irakurle taldearen saio honetan Edurne Lazkano Ibarbia izango dugu Terraza debekatua liburuaren itzultzailea. Aukera izango dugu ikasturteko saio honetan liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.

Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. etakitto Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako jarduera da honako hau.

Idazlea

Fatima Mernissi. Fez, Maroko, 1940 ‒ Rabat, Maroko, 2015
Marokoar idazlea, historialaria, soziologoa eta unibertsitateko irakaslea.

Saiakera, azterlan, artikulu eta askotariko idatziak utzi ditu, hainbat hizkuntzatara itzuli direnak. Emakumeen eskubideak defendatzeagatik eta Koranean mundu mailako aditua izateagatik nabarmendu zen, besteak beste.

Itzultzailea

Edurne Lazkano Ibarbia. Azpeitia, 1968

Euskal Filologiako ikasketak eta Itzulpengintzako masterra egin zituen EHUn, eta Idazle Eskolako graduondokoa Bergaran. 

Irakurzaletasunak eta bereziki literaturak bultzatuta egin zituen euskal ikasketak eta itzulpengintzakoak, eta 1996az geroztik, Aztiri itzulpen-zerbitzuan ari da lanean, itzultzaile eta zuzentzaile. Era guztietako testuak itzuli eta zuzendu ditu urte hauetan guztietan, dibulgaziokoak, administraziokoak, akademikoak edota literaturakoak, besteak beste.

Liburua

Haurtzaroaren begiradatik idatzita, Terraza debekatuak 1940ko hamarkadako Fezeko etxe tradizional baten barrura garamatza. Emakumeen egunerokoa patioen, korridoreen eta, batez ere, teilatuko terraza misteriotsuaren inguruan antolatzen da. Fatima Mernissik, orduko neska kementsuak, galdera eta jakin-min etengabez azaleratzen ditu etxeko arauak, istorioak eta isilpeko ametsak; eta espazio horiek, itxuraz itxiak, bihurtzen dira askatasunaren eta debekuaren arteko gatazkaren eszenatoki bizi-bizi. 

Laguntzailea: EIZIE. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkartea