Eibarko Udala

XV. Juan San Martin beka Eduardo Apodakak, Joseba Gabilondok eta Mitxelko Urangak osatutako taldeak irabazi du

2021/12/03
Prentsaurrekoko argazkia
2021eko deialdian bekaren bitartez landuko den arloa Filosofia izango da. Deialdi honetan 9 proiektu aurkeztu dira eta epaimahaiak aho batez erabaki du proiekturik onena Eduardo Apodakak zuzenduko duen taldeak aurkeztutako "Globalizazioaren ondorenaz: apokalipsia, egia-ostea eta subjektuaren autonomia" izan dela.

Proiektu honen bidez globalizazio ostearen hiru alderdi esanguratsuenak eta adigarrienak jorratu, landu eta hausnartu nahi dituzte filosofiaren hiru alor desberdinetatik ( filsofiaren historia, subjektuaren filosofia, epistemologia). Gai korapilatsuak eta oinarri zein garapen maila jasokoak izanda ere, interesik izan lezakeen edonork irakur ditzakeen saiakerak izango direla uste dute irabazleek.

Helburua, euskarazko ikerketa sustatzea

Eibarko Udalarentzat garrantzitsua da euskararen normalizaziorako euskarazko ikerketa bultzatzea eta horregatik kaleratzen du 2001. urtetik Juan San Matin Beka.

Bekaren helburu nagusia euskarazko ikerketa sustatzea da, baina bereziki Juan San Martin ikerlari eibartarrak bere bizitzan zehar landu zituen gaien gaineko ikerketa lanak bultzatzea eta horrela Juanito omentzea.

Juan San Martin Bekaren ibilbidea

Aurtengoa argitaratzen den 15. deialdia da. Aurreko urteetan beste 81 lagun aurkeztu dira deialdiotara. Beka 9.000 eurokoa da eta sari hori 12 lagunek jaso dute. Bi deialditan gelditu dira bekak esleitu gabe: 2008an, epaimahaiak nahikoa mailarik ez zuelako ikusi proposamenetan; eta 2017an, eskaerek ez zituztelako beka eskatzeko baldintzak betetzen. 

Emandako beka horietako 11 lan bukatuta daude eta horietatik 7 argitaratuta. Argitaratutako lan guztiak Eibarko Juan San Martin Udal liburutegian daude eskuragarri.