Eibarko Udala
hizkuntza irizpideak

Udalak hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartu ditu

2024/11/13
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Neurri horiek Alkatetzako ebazpen bidez onartu ziren 2024ko urriaren 3an.

Eibarko Udalak Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak onartu ditu Alkatetzako ebazpen bidez 2024ko urriaren 3an, aurretik zituen erabilera-gomendioak oinarri hartuta eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren gidalerroei jarraituta.

Hizkuntza-irizpideak bi hizkuntza ofizialen erabilerarako jarraibide orokorrak dira, eta Udaleko sail, departamentu eta zerbitzu guztiei eragiten diete.

Irizpideen helburuak dira herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta errespetatzen direla bermatzea, euskara ere lan-hizkuntza izatea eta herritarren artean eta Eibarko enpresa, erakunde eta elkarteetan euskararen erabilera sustatzea.

Hainbat ataletan bilduta jasotzen ditu dokumentuak udal-langileek bete beharko dituzten erabilera-arauak: erakundearen irudia, herritarrekiko harremanak, barne-harremanak, kanpo-harremanak…

Herritarrekiko harremanak

Ezinbestean bermatu behar du Udalak herritarrek hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea, eta, horretarako, udal-langileek euskaraz artatuko dute beti herritarra eta, ondoren, hark aukeratutako hizkuntzan jarraituko dute. Idatzizko harremanei dagokienez, Udalak konpromisoa hartzen du euskarazko komunikazioei euskaraz erantzuteko. Gainera, formulario guztietan laster galdetuko zaie herritarrei zein hizkuntzatan jaso nahi dituzten komunikazioak, euskaraz edo ele bietan.

Bestalde, haur eta gazteentzat antolatzen diren ekitaldiak eta ematen diren ikastaroak eta tailerrak euskaraz izango dira. Helduen kasuan, euskararen erabilera sustatuko da: euskaraz egingo dira, guztiek ulertzen badute; eta gaztelaniaz antolatzen direnetan euskarak presentzia izan dezan bilatuko da.

Barne-harremanak

Irizpideen dokumentuak herritarrekiko harremanetako jarraibideez gain, barne-harremanetarako jarraibideak ere biltzen ditu: sustatuko da langileen arteko ahozko harremanak euskaraz izatea eta lan-bilerak euskaraz egitea partaide guztiek euskara ulertzen badute.

Hizkuntza-klausulak kontratu, dirulaguntza eta baimenetan

Udalaren izenean, izan lizitazio baten bidez edo dirulaguntza erabiliz, zerbitzu bat ematen duen enpresa edo elkarte batek ere ezinbestean bete behar du hizkuntza-ofizialtasun bikoitzaren araubidea; hau da, errespetatu behar du, euskal administrazio publikoek bezala, herritarrek hizkuntza hautatzeko duten eskubidea, eta ahozko zein idatzizko harremanetan komunikazioa euskaraz ere egin behar du.

Horregatik, Udalak egiten dituen kontratuetan, ematen dituen dirulaguntzetan eta baimenetan hizkuntza-klausulak jasoko ditu. Horrez gain, eta euskara ere lan-hizkuntza izateko helburua betetze aldera, kontratatutako enpresei eskatuko zaie Udalarekin dituzten harremanak euskaraz izatea, ahal izanez gero, eta fakturak euskaraz edo ele bietan bidaltzea.

Jarraipena

Irizpideen betetze-mailaren ebaluazioa egiteko Udalak ezarritako irizpide eta helburuen jarraipena egingo du bi urtetik behin. Lan horretan, lagungarria izango da herritarrek ikusten dituzten ez-betetzeak jakinaraztea. Horretarako, hainbat bide daude: ASTINDU Eibar kanala, non partekatu daitezkeen hizkuntza-eskubideen inguruko edozein zalantza, galdera, kexa edo iradokizun; Udalaren webguneko kexak eta iradokizunak atala; edo Eibarko Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarrita.

Irizpideak kontsultatzeko: Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak