Euskararen plan estrategikoaren balorazio-inkesta

Gaurtik hasi eta azaroaren 4a arte egongo da zabalik inkesta, eta Eibarrekin lotura duen pertsona orok (herritarrek, ikasleek, langileek, zerbitzuen erabiltzaileek, etab.) erantzun ahalko du.
Aurtengo urtearen amaierarekin batera amaituko da 2016an onartu zen euskararen plan estrategikoaren indarraldia. Amaiera hurbiltzen ari den honetan, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Eibarren Akebaik planaren balorazio eta diagnostiko prozesua abiatu berri dute.
Eibarko Udalak, Akebairekin batera, jakin nahi du 10 urte hauetan planaren baitan udalerrian garatutako ekintza eta egitasmoak zenbateraino ezagutzen dituzten herritarrek, eta ea baliagarriak iruditzen zaizkien Eibar herri euskaldunagoa izan dadin. Horretarako, inkesta bat sortu dute, eta Eibarrekin lotura duen pertsona orok (herritarrek, ikasleek, langileek, zerbitzuen erabiltzaileek, etab.) bere iritziak, pertzepzioak eta balorazioak eman ahalko ditu galdetegi horretan.
“Eibarko euskararen egoerari buruz eibartarrek zein iritzi duten jakitea oso baliagarria da euskara plan berria jorratzeko. Herrian euskararen erabilera sustatzeko edozein ideia edo hobetze-lerro galdetegian plazaratzea eskertzekoa da. Horregatik, Eibarko jendea galdetegia betetzera animatzen dut, haien ahotsa oso baliagarria baita guretzako”, azpimarratu du Aiora Arrieta euskara zinegotziak.
Inkesta azaroaren 4a arte egongo da zabalik, esteka honetan: https://labur.eus/eibareusk
Eibarko Euskara sailak herritarren parte-hartzea bultzatzeko partaidetza mahai bat ere antolatu du, herriko biztanle, elkarte eta eragileei bideratua. Partaidetza mahai horretan inkestan jasotako erantzunak modu sakonago batean osatu eta landuko dira, planaren balorazio eta diagnostikoan ahalik eta irudi zehatzena osatu ahal izateko. Mahai hori azaroaren 11n (asteartea) izango da, Errebaleko bilera-gelan, arratsaldeko 18:30ean. Nabarmentzekoa da herritarren eta bertako elkarte eta erakundeen ahotsa funtsezkoa izango dela azken prozesu horretan.
Balorazio eta diagnostiko prozesuan jasotako emaitzak 2026-2035 epealdirako diseinatuko den plan estrategikoaren oinarrietako bat izango dira.