Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa Eibarren izango da

2015/11/24
Abenduaren 6an, 17:30ean, Astelena pilotalekuan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa Eibarren egingo da aurten. Hitzordua abenduaren 6an, 17:30etik aurrera, Astelena pilotalekuan izango da. Bertan parte hartuko duten bertsolariak honako hauek izango dira: Arkaitz Oiartzabal Agirre “Xamoa”, Felix Zubia Olaskoaga, Iñaki Gurrutxaga Zubimendi, Jon Maia Soria, Mikel Artola Izagirre eta Nahikari Gabilondo Mendizabal. Sarrerak aurrez erosteko aukera ematen du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, www.bertsosarrerak.eus webgunean sartuta. Erosketa prozesuan arazoren bat izanez gero, (00) (34) 943670575 telefonora deitu daiteke edo bertsosarrerak@bertsozale.eus helbide elektronikora idatzi. Sarrerak Eibarko Beleko tabernan eta Club Deportivon eros daitezke 13 eurotan; bazkideentzat 10 eurotan eta gazteentzat (6 eta 16 urte bitartekoak), berriz, 6 eurotan.

Egin beharreko lanak

Aipatutako finalaurrekoan bertsolariek burutu beharko dituzten lanak hauexek dira:

  • Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Gipuzkoa Bertsotan

Guztira, 74 bertsolarik hartu zuten parte Gipuzkoa Bertsotan ekimenean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatzeko balio izan duen fasean. Handik, 30 bertsolari sailkatu ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako.

Maiatza eta ekaina bitartean, hilabeteko epean, 24 saio jokatu ziren Gipuzkoako 12 herritan. Sailkapen fasea izateaz gain, Gipuzkoa Bertsotanek bertsolari berriak oholtzan trebatzeko balio izan zuen, baita Gipuzkoako bertsolaritzaren bizitasuna agerian uzteko ere.