Josu Martinez eta Begoña Del Teso solasean. "Irudiz eta euskaraz" liburuaren aurkezpen-hitzaldia

Hitzaldiaren iragarkiaren irudia

Hitzaldiaren iragarkia

2022/04/27

Maiatzaren 5ean, 19:00etan, Coliseoan Josu Martinez zinemagilea eta Begoña del Teso kazetari eta zinema-kritikaria solasean arituko dira, Juan San Martin bekari esker egindako "Irudiz eta euskaraz" lanaren inguruan.

Josu Martinez izan zen 2019an Eibarko Udalak UEUrekin lankidetzan argitaratu zuen Juan San Martin bekaren XIV. edizioaren irabazle. Beka horren emaitza izan da UEUk argitaratu berri duen Irudiz eta euskaraz. Gure zinemaren hizkuntza. Gure hizkuntzaren zinema lana. 

Coliseoko areto txikian, maiatzaren 5ean, 19:00etan Josu Martinezek berak idatzitako liburua aurkeztuko digu zine gaietan aditua den Begoña del Tesok zuzenean egingo dion elkarrizketaren bidez.

Autoreak bekari esker burutu duen lanean dio gaurdaino ez dela idatzi euskarazko zinemaren historiarik, eta egindako lanaren bidez hutsune hori bete nahi izan duela. Zazpigarren arteak gure hizkuntzarekin izandako harremanak aztertzen ditu. Film eta egile ezezagun ugari aurkitzen dira orrialdeotan , garai desberdinetako diskurtso, bizipen eta oihartzunak, eta baita istorio bitxi, triste eta harrigarriak ere. Estilo bizi, zorrotz eta dibertigarriaz jorratua, akademiarako ez ezik, publiko zabalarentzat ere interesgarri den lana aurkeztuko du Begoña del Tesok egingo dion elkarrizketaren bitartez.