Esklabutzaren inguruan Oscar Alvarez Gila historialariak Eibarko Institutuko ikasleei eskainitako hitzaldia, sarean

Markeskua jauregia, López de Isasiren etxea. Argazkia: guregipuzkoa.com

Markeskua jauregia, López de Isasiren etxea. Argazkia: guregipuzkoa.com

2023/04/05

Euskal Herriaren eta esklabutzaren arteko harremanaz jardun zuen eta, berak dioen bezala, “Eibarko kaleetan ere esklabuak ibili ziren”

Hizlariak azaldu zuen orain dela gutxi arte esan izan dela XVI. mendera arte Euskal Herria nolabaiteko irla izan zela Europan, esklabutzarik gabeko toki bat, esklabutzaren aurkako legeak zeudela eta abar, baina hori ez dela egia, Jose Antonio Azpiazu historialariak esklabuei eta trafikatzaileei buruzko liburuan erakutsi zuen bezala: Euskal Herrian esklabistak eta esklabuak egon ziren.

Martin Lopez de Isasi eibartarraren kasua aipatzen du; merkataria zen eta bere familiak burdinaren salerosketan hartu zuen parte. XVI. mendean, Sevillan, Amerikarako merkataritza kontuetan hasi zen. Álvarez Gila irakasleak esan zuen “lehen enpresa-gizon modernoa” bezala aurkeztu zuela aldizkari batek orain dela bi urte kaleratutako artikulu batean, baina Lopez de Isasik esklabuen salerosketan negozioa zegoela ikusi zuenean, negozio horretan sartu zela beste lankide eibartar eta euskaldun batzuekin batera.

Bestalde, Afrikan jaio eta umetan Amerikara eraman zuten emakumearen kasua ere azaldu zuen. Han eibartar batentzat hasi zen lanean, baina eibartarrak herrimina sentitu eta herrira itzuli zen; etorri zenean, emakumea ekarri zuen eta, horrekin batera, mutiltxo mulatoa. XVII. mendeko esklabuen errolda baten agertzen dira, baina izen barik. Emakumeak ez zuen herrimina izateko eskubiderik; inoiz ezin izan zen bere herrira itzuli.

Hori eta beste kontu asko aipatzen ditu Álvarez Gila historialariak, denon jakingai eta ikasgai.

 

etiketak: egoibarra