Eibarren ere "Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Betikoa. Gertukoa" kanpaina martxan da

2021/11/18

Eibarko Udalak, …eta kitto! Euskara elkarteak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskararen erabilera eta bertako merkataritza sustatzeko martxan jarritako kanpainarekin.

Abian da Eibarren ere "Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Betikoa. Gertukoa" izeneko kanpaina. Kanpainak azaroaren 17an hasi eta urtarrilaren amaiera arteko iraupena izango du. Telebistan spotak, irratian iragarkiak eta Eibarko kaleetan banderolak ikusi ahal izango dira.

Ekimen hau hainbat eragilerekin elkarlanean bideratu da, eta Eibarrek bezala EAEko udal askok egin dute bat proiektuarekin.

Kanpaina honetan lehen hitza euskaraz egin dezaketen merkatariak eta bezeroak dira protagonista. Kanpainaren bitartez erosketak Eibarren bertan egitea eta euskaraz egitea bultzatu nahi da.

Gure denda eta tabernetan askotan entzuten dugu “Jarri betikoa”; konfiantzazko harremana dagoela adierazten digu esamolde horrek, gertukoa, betikoa… Horrela, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak, “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean. Mezu hori da hain zuzen ere kanpainaren ardatza.

Eibarren,  …eta kitto! Euskara elkarteak eta EMGIk azken urteetan Udalaren babesarekin kanpaina bereziak egin dituzte, bai euskara sustatzeko, bai bertako eta gertuko merkataritza bultzatzeko ere #EibarrenBadakagu  eta www.erosieibarren.eus moduko kanpainen bitartez. Oraingoan egitasmo horiei BETIKOA.GERTUKOA. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpaina batuko zaie.

Kanpainako partaideak agertzen dira

Kanpainako partaideak.