Eibarko 10 kirol klubek euskara plana egin dute 2023-2024 denboraldirako

Aurreko denboraldiko saio bateko argazkia

Aurreko denboraldiko saioa

2023/08/31

Eibarko udalak dirulaguntzak jasotzen dituzten kirol klubei euskara plana egiteko eskaera egin die. Eta dagoeneko plana egin dutenak honako hauek dira: Urbat Urpolo, CD Urki, Eibar Igerixan, Eibarko Triatloia, Eibartarrak FT, Eibarko Klub Deportiboa, Eibar Rugby taldea, Asolaberri, Gimnasia Ritmica Ipurua eta Eibar Eskubaloia

Kontuan izanik gehienetan klubek herritarren lan bolondresari esker funtzonatzen dutela, klub bakoitzak, duen egoera kontuan hartuta, egin du bere neurriko plana. Plan hauen helburuan batez ere ume eta gazteei zuzendutako jardueretan entrenatzaileek euskaraz egiteko ohitura hartzea dago, eta zuzendaritzen eta klubaren eguneroko lanean euskarari ere lekua egitea. Eibarko ume eta gazte gehienak aritzen direnez une batean edo bestean klubek eskaintzen duten kirol jardueraren bat praktikatzen, berebiziko garrantzi du praktika horretan erabiltzen den hizkuntzak. 

Eibarko Udala euskararen normalkuntzarekin konprometitua dago, eta haren helburuen artean dago haur eta gazteei euskaraz bizitzeko aukera erraztea. Eibarko ume ia guztiak D ereduan eskolaratuak daude eta euskaraz lantzen dituzte eskolako materia guztiak. Baina hori ez da nahikoa euskararen gaitasun osoa bermatzeko, eta eskola eremutik kanpo erabilera txikia da. Garrantzitsua da, hortaz, eskolaz kanpoko jardueretan euskaraz egiteko aukera izatea, eta gaztetxoen denbora librean kirol-jarduerek garrantzi handia dutela ikusita, Eibarko udalaren dirulaguntzak jasotzen dituzten kirol klubei euskara plana egiteko eskaera egin zaie Udaletik.

Kluben erantzuna oso ona izan da. Kirol klub batzuek betidanik izan dute euskara ohiko euren jardunean, baina beste askotan ez, nahiz eta gero eta kide gehiago izan euskaraz dakitenak. Klub horiek denek egin dute bat udalaren kezkarekin eta Euskara zerbitzuaren aholkularitza eta laguntza teknikoaren bidez euren neurriko planak egin dituzte.

Denboraldian zehar, aurten ere, izango dute Eibarren AKEBAIren babesa eta bultzada.