Ostiralean bertsotan arituko dira Alaia Martin eta Aner “Euzkitze”, Eibar BHIko ikasleek antolatutako jaialdian

Ikasturte amaierako proiektu moduan aritu dira Eibar BHIko ikasleak jaialdi hau antolatzen. Eurak arduratu dira beharrezko zeregin guztiak egiteaz.
Ikasturte honetan ere Eibar BHIko lehen mailako ikasleek “Bertsolaritza Inklusio Bide” proiektuan parte hartu dute. Eibarko Udalak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin lankidetzan jartzen du martxan egitasmo hau.
Bertsolaritzak kulturan, hizkuntzan, musikan eta trebetasun pertsonal/sozialetan egiten du ekarpena. Eibarren garrantzi berezia dute hizkuntzaren lanketa ludikoak eta euskal kulturara gerturatzeko egitasmoek, eta horregatik sortu eta abiatu da proiektu hau.
Proiektu honen lanketa hambostean behin egin dute BHIko ikasleek, “Proiektu Komunitarioa” ikasgaian. Ikastaro amaierako proiektu gisa, bertso saio bat antolatu behar izaten dute ikasleek, eta, beraz, eurak arduratu dira bertsolariak gonbidatu, udalarekin harremanetan jarri, kartela egin, gaiak prestatu eta saioko azpiegitura lortzeaz. Gai-jartzaile lanak ere ikasleek egingo dituzte.
Saioa 12:30ean hasiko da, Errebal plazan. Ekitaldi irekia da, beraz nahi duten guztiak gerturatu daitezke.