Eibarko euskararen diagnostikoa: azken 10 urteetako argi eta itzalak, eta gaur egungo egoera
2025arekin batera amaitu zen Eibarren 2016tik abian egon zen euskararen plan estrategikoaren (Eibarko Hiria: Euskararen plan estrategikoa 2016 – 2025) indarraldia. Plan estrategiko hori ESEP (Euskara sustatzeko ekintza plana) markoan oinarrituta sortu zen, eta azken hamar urteetan Eibarren euskararen sustapen eta normalizazioaren izenean egin diren ekintza, ekimen eta proiektuen oinarrietako bat izan da.
Horiek horrela, Eibarko Udalak eta Eibarren Akebaik 2025eko udazkenean diagnostiko eta balorazio prozesu parte-hartzaile bat garatu zuten, azken hamar urteetan egindako lanaren inguruko iritziak eta pertzepzioak jasotzeko, bai eta Eibarko herritar, talde eta eragileek egungo euskararen egoeraren inguruan zer pentsatzen duten entzun ahal izateko. Prozesua Ahize-AEKren laguntzarekin egin zen, eta herritarren, eragileen, udal ordezkarien eta teknikarien parte-hartzea izan du oinarri.
Diagnostikoak Eibarren euskararen alde azken urteetan egindako lanari aitortza egiten dio, eta aldi berean etorkizunera begirako hainbat erronka mahai gainean jartzen ditu. Prozesuan 114 herritarren galdetegiak, 428 gazteren ekarpenak, 12 elkarrizketa sakon eta hainbat lan-mahaitako hausnarketak bildu dira. Bildutako informazioa 2026 - 2035 aldirako diseinatu eta indarrean jarriko den euskararen plan estrategiko berriaren oinarri eta abiapuntuetako bat izango da.
Azken urteetan egindako lanaren indarguneak
Diagnostikoak erakutsi du Eibarren euskararen ezagutzak goranzko joera izan duela azken urteetan. Gaur egun eibartarren %53 euskalduna da, eta %19 ia-euskalduna; alegia, herritarren %72k badu euskararen ezagutzaren bat. Aipagarria da, baita ere, helduen euskalduntzeak gora egin izana: Eibarko bi euskaltegietan matrikulatutako pertsonen kopuruak etengabe egin du gora azken urteetan (esaterako, 2021/22 ikasturtean 305 pertsona izan ziren, eta 2024/25 ikasturtean 415).
Herritarrek balorazio positiboa egin dute azken urteetako hainbat ekimenen inguruan. Ondoen baloratutako ekintzen artean daude Euskaraldia, helduentzako euskara ikasteko aukerak, Euskararen Eguna eta Akebai plataforma bera. Eibarren Akebaik eta hark egindako lanak, oro har, hainbat balorazio positibo jaso ditu: herritarrek aitortu dute balio izan duela herriko eragileak elkartu eta saretzeko, eta momentu jakin batean herri dinamikan pisu esanguratsua izan duela aitortu dute zenbaitek.
Diagnostikoan zehar hainbatetan aipatu da herriko elkarteek, euskalgintzak eta boluntario sareek egindako lana. ...eta kitto! Euskara Elkartearen jarduna edo herriko kultur eta kirol eragile askoren konpromisoa (hala nola, Klub Deportiboa, Arrate Kultur Elkartea, edo hainbat kirol-talde) aipatu dira euskararen aldeko motor garrantzitsu gisa.
Era berean, udalaren inplikazioa ere modu positiboan baloratu da: euskarazko eskaintza handitzea, haur eta gazteei zuzendutako programak sustatzea, udal barruko erabilera-planak garatzea edo Bikain ziurtagiria lortzea azpimarratu dira azken hamarkadan egindako lanen artean.
Etorkizunerako erronkak eta lanketa-bideak
Diagnostikoak, hala ere, erronka nagusi bat identifikatu du modu argian: euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen arrakala. Herritar askok nabarmendu dute gero eta jende gehiagok dakiela euskaraz, baina horrek ez duela kale erabileran isla bera izan. Izan ere, azken kale neurketaren arabera (Soziolinguistika Klusterra, 2021), Eibarko euskararen kale-erabilera %13koa da, eta aurreko urteetako datuekin alderatuta, beheranzko joera izan du alor horrek.
Lan-mahaietan eta elkarrizketetan askotan azaldu diren beste kezka batzuk dira gaztelaniarako inertzia soziala, lehen hitza euskaraz egiteko zailtasunak eta “estres linguistikoa” deiturikoa: lotsa, segurtasun falta edo euskaraz aritzeagatik egoera deserosoak sortzeko beldurra. Herritar askok adierazi dute erdaldun bakar baten presentziak sarritan hizkuntza aldaketa eragiten duela, eta ohitura horri buelta ematea bereziki zaila dela hainbatentzat.
Bestalde, aisialdia, gazteak eta familia transmisioa agertu dira etorkizunerako lehentasunezko esparru gisa. Herritarren ustez, euskararen erabilera sustatzeko indar berezia egin behar da aisialdian, kultur eskaintzan, kirolean eta ingurune digitalean. Gazteen artean euskararen prestigioa eta motibazioa lantzeko beharra ere nabarmendu da.
Migrazioaren eragina ere jaso du diagnostikoak. Azken urteetan handitu egin da atzerritik etorritako biztanleen kopurua, eta aurrera begirako abagune nagusietako bat izango da etorri berriei euskara integrazio eta errotze tresna gisa gerturatzea. Diagnostiko prozesutik ondorioztatu da interes eta nahi hori zabaldua dagoela, baina baliabide, egitura, babes eta bide-laguntza gehiago behar direla hori errealitate bihurtzeko.
Herritar eta eragileek beste hainbat kezka ere azaleratu dituzte: merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia ahula, ingurune digitalean eta sare sozialetan erdaren nagusitasuna, familiako transmisioaren ahultzea edo euskarazko aisialdi eskaintza adin jakin batetik aurrera urritzea.
Ondorio orokorrak
Diagnostiko prozesuak erakutsi du Eibarren azken hamar urte hauetan lan handia egin dela euskararen sustapen eta normalizazioaren norabidean, eta herritarrek egiten dietela aitortza lan horri. Hala ere, erabileran, motibazio-sentsibilizazioan eta euskararen integrazio-ikuspegian jauzi berriak emateko garaia dela ondorio nabarmenetako bat izan da.
Prozesuan zehar parte hartu eta beren ekarpena egin duten herritar, talde, eragile eta bestelakoak, oro har, iritzi diote erronkaz betetako bidea dugula aurretik. Azken urteotan egindako lanari esker, esan daiteke bide horrek zoru egonkorra duela, baina ezinbestekoa izango da denok elkarrekin eta helburu berdinei begira jarraitzea bide hori. Horregatik, berebiziko garrantzia izango dute hurrengo urteetan erakundeen, herriko eragileen eta herritarren artean existitzen den elkarlana sendotzea eta hauspotzeak, bide eta aukera berriak irekitzeak, eta euskararen normalizazioaren ardura eta inplikazioa herritar guztiengana helarazteak