Eibarko Udalak bat egin du “Euskaraz barra-barra” egitasmoarekin

2023/11/03

Egitasmoa merkataritzara eta ostalaritzara zuzendua dago eta Eusko Jaurlaritzak jarri du martxan Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak erakundeekin batera.

Euskal Herri osoan zabaltzen ari den egitasmoa da. Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra, kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin.

Eibarko edozein establezimenduk har dezake parte honako baldintza hauek betetzen baditu:

  • Establezimendua zabalik dagoen bitartean gutxienez langile bat izatea euskaraz zerbitzua emateko gai dena (euskaraz ulertzea nahikoa da).
  • Establezimenduko langile guztiek kontsumitzaileari lehen hitza edota agurra euskaraz egitea.
  • Kontsumitzaileari euskara erabiltzeko aukera bermatzea.

Eibarko Udala establezimenduen izen-emate kanpaina hau Eta kittorekin, Eibarko Dendarien Elkartearekin eta Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin lankidetzan ari da bideratzen.

Dagoeneko …Eta kittoko teknikaria bisitak egiten ari da Eibarko establezimenduetan Euskaraz barra-barra ikur identifikagarria lortzeko aukera eskaintzen eta orain arte Eibarko merkataritzan eta ostalaritzan zabaldu den Euskaraz Primeran! markari buruzko azalpenak ematen. Euskaraz Primeran! egitasmoak ere berrikuntzak ditu eta hemendik aurrera maila desberdineko Euskaraz Primeran! ikurra jaso ahal izango da establezimenduak egiten duen euskararen erabileraren araberakoa.

Bideoa ikusteko egin klik hemen