Eibar BHI ikastetxeko ikasleak Arraten

Taldearen argazkia

Apirilaren 24ko irteera

2023/04/25

Aurten ere Eibar BHIko DBH 2ko ikasleek egun osoko jarduerak izango dituzte Arraten, Eibarko Udalaren babesarekin.

Apirila-maiatza bitartean Eibar BHI ikastetxeko DBH 2. mailako 8 geletako ikasleek aukera izango dute egun batez ikastetxetik irten, eta naturaz inguraturik ezohiko jarduerak egiteko. Helburua: ikastetxetik kanpo euskaraz gozatzea, daukagun inguru natural paregabea ezagutzea eta talde kohesioa lantzea.

Apirilaren 24tik maiatzaren 18ra bitartean, gelaka joango dira ikasleak Arratera, irakasleen eta Astixako begiraleen gidaritzapean. Astixako begiraleek dinamizatu eta koordinatuko dituzte jarduerak. Ahal izan den guztietan kanpoan egingo dira dinamikak, Arrateko zelaian eta inguruetan. Eguraldiak laguntzen duen egunetan Arratera igo eta jaistea oinez egingo dute, bestelakoetan autobusa jarriko zaie.  

10:00etatik 16:30era bitartean hainbat jarduera izango dituzte: Aterpetxean Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ikusi eta gidaren azalpenak entzun; txorien joan-etorriak behatu Eibar BHI ikastetxeak jarritako habietan; "Bertso-jasa" saioak Hankamotxak Bertso Eskolako bertsolariek eskainiak; ingurua ezagutzeko lanketak (landare eta zuhaitzak, Eibarko baserri-auzoak, toponimia, Arrateko eliza eta irratia...), irratsaioak, herri kirolak eta bestelako talde-dinamikak, Astixak bideratuak.