Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jardunaldia: Komunikazioa eta Gardentasuna administrazio publikoetan

Coliseoan 08:45etik 18:00etara izango den ekitaldiak administrazio publikoek komunikazio eta gardentasun alorrean duten eginkizuna ezagutaraztea du xede, eta soluzioak proposatzea era guztietako erakunde publikoetarako.

Guztira, 7 hitzaldi izango dira goizez (9:30-13:30), eta 2 mahai-inguru arratsaldez (16:00-17:30), adituen eskutik.

Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute www.eibar.eus udal webgunean eskuragarri egongo den formulario bat beteta, azaroaren 1etik 21era.

Jardunaldia streaming bidez ere ikusi ahal izango da Udalaren YouTube kanalean. Halaber, sare sozialetan jardunaldiaren zabalkundea egiteko #EibarKomunika traola erabiliko da.

Hartzaileak

Jardunaldia sektore publikoko komunikazio-profesionalei eta administrazio publikoetako langileei zuzenduta dago oro har, bai eta komunikazio instituzionaleko adituei eta irakasleei, komunikazio edo kazetaritzako graduetako ikasleei eta baita gaian interesa duten komunikabideei ere; eta jorratuko diren gaiak hauexek izango dira: barne- eta kanpo-komunikazioa, komunikazio politikoa eta instituzionala, sare sozialak, datu irekiak, administrazio-hizkera argia eta udal gardentasuna. 

7 hitzaldi, aditu ezberdinen eskutik

7 hitzaldi izango dira guztira komunikazio korporatibo eta instituzionaleko profesionalek emango dituztenak, 09:30etik 13:30era, eta bi mahai-inguru, arratsaldez izango direnak, 16:00etatik 17:30era.

Ebentuaren inaugurazio ofizialaren ostean, 09:15ean, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Ana Telleria Gobernu Irekiaren Ordezkaritzako arduradunak egingo dutena, lehen hitzaldia emango duena Cristina Juesas Escudero andrea izango da, komunikazio korporatiboan eta zientifikoan, oratorian eta ebentuetan aditua dena, eta honako izenburua izango du:“Cómo acercar las instituciones a la ciudadanía y viceversa: cuestión de confianza”. Hitzaldia gaztelaniaz izango da 09:30ean.

Ordu erdi geroago, 10:00etan, Nagore García Sanz komunikazio eta estrategia digitaleko kontsultorearen txanda izango da, zeinak euskaraz emango baitu hitzaldia honako izenburuarekin: “10 gako erakunde publikoetan barne-komunikazioa hobetzeko”.

Bestalde, Nagore de los Ríos García, Errioxako Gobernuko Komunikazio Instituzionaleko zuzendariak bere ikuspegia azalduko du administrazio publikoek komunikazioaren arloan duten eginkizunari buruz, honako izenburua izango duen hitzaldian: "Comunicación externa: claves para la elaboración y desarrollo de una estrategia eficaz”. Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta 10:30ean hasiko da.

Atseden labur baten ostean, 11:30ean, Xabier Amatria Cuesta jaunak IVAPeko Administrazio Hizkeraren Ataleko arduradunak parte hartuko du honako gaiarekin: “Administrazio-hizkera argia: kontzeptua eta zenbait esperientzia”.

Bosgarren hitzaldia gaztelaniaz emango du Amalia López Acera andreak, administrazio publikoetako komunikazio digitalean aditua den kazetari eta funtzionarioak, 12:00etatik aurrera.  Balioan jarriko du marketin digitalak esparru instituzionalean, eta, bereziki, sare sozialetan duen garrantzia, honako hitzaldiarekin: “El uso de las redes sociales en las administraciones públicas: claves para gestionarlas con profesionalidad y eficacia”.

Hurrengo hitzaldia gaztelaniaz izango da eta Rafael Camacho Muñoz jaunak, NovaGob Fundazioaren ikertzaile seniorra eta Canal RED FEMP por la Transparencia y Participación entitatearen arduradunak emango du honako tituluarekin: “Retos de las administraciones públicas para comunicar de manera más transparente” .

Goizeko egitarauri amaiera emateko ALDAKETAn aditua den Alberto Ortíz de Zárate Tercero jaunak emango du 13:00etan, honako izenburuarekin: “Datos abiertos en el sector público: evolución y líneas de futuro”.

Bi mahai-inguru, arratsaldez

Jarraian, eta bazkaltzeko atsedenaren ondoren, bi mahai-inguru egingo dira administrazio publikoetako komunikazio instituzional eta politikoari eta gardentasunari buruz.  Lehena 16:00etan izango da honako goiburuarekin: Comunicación institucional vs Comunicación política” eta bertan parte hartuko dute Ana Telleria Udaleko Gobernu Irekiaren Ordezkaritzako arduradunak eta komunikazio instituzionalean adituak diren Nagore de los Ríos Garcíak eta Amalia López Acerak.

Bigarren mahai-ingurua ikuspegi praktikoagoa izango du, eta arrakasta izan duten edo jardunbide onen eredu izan diren kasu batzuk aztertuko dira, Irungo eta Getxoko udaletako arduradun teknikoekin. Halaber, bertan izango da Ana Gloria Gómez Ruiz, administrazio publikoen gardentasun-maila neurtu eta ebaluatzeaz arduratzen den Dyntra plataformako ebaluazio-zuzendaria, bere ikuspegia emateko gardentasunaren eta gobernu onaren arloan toki-erakundeek azken urteotan egindako lanari buruz Era berean, Gomezek bere interbentzioan azalpenak emango ditu Dyntran egiten dituzten azterketetan erabilitako ebaluazio-sistema edo metodoaren inguruan.

Mahai-inguruak amaitu ondoren —arloan adituak diren udal teknikariek moderatuko dituzte—, ondorioen faseari ekingo zaio 17:30ean.

Informazio gehiago