Garbiketa eta desinfekzioa

Eibarko Udalak Brigadan lan egiten duten beharginen berrantolaketa bat egin zuen martxoaren 23ko astean, COVID-19ak eragindako alarma-egoerak iraun bitartean, bide publikoaren desinfekzioa indartzeko lanak egin zitzaten.

Horren harira, Aste Santutik, 11 pertsona (hasieran, 7 langile ziren) bai Eibarko erdigunean, bai auzo guztietan, lainoztatze-lanak egiten ari dira sodio-hipokloritoarekin (tokiak desinfektatzeko eraginkortasun handiko konposatu kimikoa) kontaktu gehien duten udal objektu edo azpiegituretan, hala nola baranda, eskudel, igogailu, eskailera eta hondakinen edukiontzietan.

Behargin guztiek dute beharrezkoa den ekipamendua, lan horiek segurtasun osoz egin ahal izateko.

Eibarko Udala Debabarreneko Mankomunitatearekin koordinatzen ari da, desinfekzioa ahalik eta osoena eta exhaustiboena izan dadin.

Hala, Mankomunitatea, bere aldetik, egunotan jende gehien pilatzen ari den guneetan ari da lan horiek egiten, hala nola ospitale, supermerkatu eta espaloi inguruetan eta baita edukiontzietan ere.

Horrela, osasun-krisiak eragindako behar espezifiko eta premiazkoen aurrean, Udal Brigadak lanean jarraituko du hemen zehaztutako helburuekin, eta, eginkizun horietaz kanpo, larrialdiko kasuei baino ez die erantzungo.

Erlazionatutako albisteak

  • Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea 943 70 07 99
  • Zerbitzuak (Eibarko Udala) 943 70 84 06 - zerbitzuak@eibar.eus