Eibarrek bat egingo du beste behin Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Azaroaren 25aren inguruan antolatu diren ekimenen kartela.

Azaroaren 25aren inguruan antolatu diren ekimenen kartela.

2022/11/24

Eibarko Udalaren babesa jaso du Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Adierazpenak, zeinean emakumeei laguntzeko eta berdintasun benetako bat lortzeko hainbat puntu jasotzen diren. Ostiral honetan, hilak 25, bi kontzentrazio egingo dira Untzagan, 13:00etan eta 19:00etan.

Bihar, ostirala (hilak 25), Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna  izango da eta beste behin Eibarko Udalak  egun hori gogorarazi nahi du, aldarrikapen- eta dibulgazio-jarduera batzuen bidez. Horrekin batera, Udalak Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Adierazpen Instituzionala babestu du.

Zehazki, honako ekitaldiak eta elkarretaratzeak egingo dira: 11:00etan, Untzagan, harmailen aldean, "Matazak ehuntzen indarkeria matxisten aurka" ekintza egingo da, Altzoak antolatuta (Eibarko Emakume Alargunen Elkartea), Emakumearen Mahaiaren laguntzarekin; 13:00etan, harmailen aldean baita ere, herritarren elkarretaratze bat egingo da, "Indarkeria matxistaren aurrean, sare feministak" lelopean, Andretxea-Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, Emakumearen Mahaiarekin elkarlanean; eta, azkenik, indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat egingo da, kasu honetan Matraka eta Nalua taldeek antolatuta, 19:00etan, Untzaga plazan.

Gogoratu behar da azaroaren 25aren inguruko programazioa hil honetan hasi zela Pagatxak azaroaren 4an antolatutako “En tierra de hombres” filmaren inguruko zine forumeko saio eta solasaldi batekin, eta Portalean eta Errebal Plazan azaroaren 11n, 18an eta 19an egindako beste ekitaldi batzuekin.

25-N eguneko jardueren ondoren, bi ekitaldi daude aurreikusita: “Ama kontaidazu berriro” ipuin kontaketa musikatua, azaroaren 26an, 18:00etan, Portaleko Areto Nagusian, Juan San Martin Udal Liburutegiarekin elkarlanean, eta dokumental bat eta solasaldi bat Portalean, hilaren 29an, 17:30ean, honako izenburuarekin: “Indarkeria matxisten biktimen memoriari eta erreparazioari buruzko ahotsak”, Mugarik Gabe elkartearen eskutik. Era berean, ikastetxeetan zurrumurru matxistei buruzko Uste faltsuak izeneko gida banatu da, eskuragarri dagoena bai Andretxeko liburutegian bai haren webgunean eta Juan San Martin Liburutegian. Bestalde, azaroaren 25eko irakurketa gida, Juan San Martin Liburutegiarekin batera argitaratua, eskuragarri dago Udal Liburutegian, Andretxeko liburutegian eta webgunean, eta Kultura Sailaren mikrositean.

Udalak dei egiten die herritar guztiei emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Eguna dela-eta erakundeak berak eta mugimendu feministak deitutako jarduera eta mobilizazioekin bat egin dezaten.

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin bat egitea

Udalak bat egin du aurten ere Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin. Adierazpen hori aho batez babestu dute alderdi politiko guztiek, eta bertan Udalak konpromisoa hartu du “era sakonean ezagutzeko emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu anitzak, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko”.  

Adierazpenak, gainera, honako konpromiso hauek jasotzen ditu: “lege eta politika eraginkorra bultzatzea, espazio publikoetan sexu-indarkeriari aurrea hartzeko eta erantzuteko. Eta, era berean, gaitasunak, sentsibilizazioa, komunitate-mobilizazioa eta beste estrategia batzuk garatzea”; “aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero-harremanak, genero-berdintasuna eta segurtasuna sustatzea espazio publikoetan”; “inbertsioak sustatzea, espazio publikoetan hautemandako segurtasun errealari dagokionez; genero-ikuspegia ziurtatzea hiri-plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen”; “Berdinsarea tokiko jardunbide sare gisa indartzea, ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza-trukea errazteko. Eta hiri eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko, emakumeentzat eta neskentzat”; eta “beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin besteak beste;  gizarte-taldeekin, feministekin, ere, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko”.