Eibarko Udalak bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Martxoaren 8rako lantaldearen artxiboko irudia.

Martxoaren 8rako lantaldearen artxiboko irudia.

2023/03/08

Aurreko urteetan bezala, Udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu du, emakumeen lidergoa eta boterea berdintasunean erabiltzeko baldintzak bultzatzeko konpromisoa hartuz. Era berean, Emakumeen Egunaren harira, hainbat jarduera antolatu dira, eta martxoaren amaiera arte iraungo dute. Asteazken honetan, martxoak 8, ohiko kontzentrazioa egingo da Untzaga plazan, 19:00etan, “Denon bizitzak erdigunean” lelopean.

Eibarko Udalak bat egin du, aurten ere, asteazken honetan, martxoaren 8an, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Horretarako, joan den otsailaren 27ko Udalbatzak aho batez onartu zuen adierazpen instituzional bat, “emakumeen lidergoa sustatzeko eta boterea berdintasunean erabiltzeko baldintzak bultzatzeko konpromisoa” hartzen duena.

Alde horretatik, adierazpenak dio, emakumeen parte-hartzearen alde lan egiteko beharrezkoa dela, besteak beste, “botere-espazioak partekatzea eragozten duten erresistentziei eta inertziei aurre egitea, kristalezko sabaiak hautsiz, espazio guztietan emakumeen presentzia bermatuko duten neurriekin, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin.”

Era berean, honako hauek ere lortu nahi dira: “zaintza-lanen banaketa erantzunkidean aurrera egitea”, “zaintza eta bestelako lan feminizatuen sektore profesional prekarizatuak balioestea”, “lidergoetan emakumeen konfiantza, sinesgarritasuna eta eragina mugatzen duten estereotipo eta aurreiritziei aurre egitea.”, “emakumeenganako indarkeria-mota guztiak ezabatzea, emakumeen aurkako indarkeria politikoa barne”, “dominazioan oinarritutako eredu androzentrikoetatik lidergoa gauzatzeko praktikak eta moduak deseraikitzea” eta “emakumeen eta nesken eskubideak agenda feminista baten erdian jartzea, ikuspegi intersekzionala, berritua, erradikala eta eraldatzailea erabiliz.”

Testu horretan, halaber, honako hau adierazten da: “Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea bultzatzen duten politikak indartzea da helburua, estamentu publiko eta pribatu guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketari dagokion martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritakoaren arabera.”

Martxoaren 8a dela-eta antolatutako ekitaldiak

Bestalde, Emakumeen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an ospatzen dela eta, Eibarko Udalak, bere Berdintasun Arloaren bidez eta hiriko hainbat erakunde eta elkarterekin batera (...eta kitto! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, SD Eibar Fundazioa, Neledantza, Kaxa Mugimendu eta Sormen Gunea, Goi Argi, Pagatxa eta Berdintasun Zerbitzua-Andretxea), hainbat jarduera antolatu ditu martxoan zehar.

Dagoeneko egin dira ekitaldi horietako batzuk, hala nola Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales liburua joan den martxoaren 1ean aurkeztu zen Arrate Kultur Elkartean, “Mil veces buenas noches” zine-foruma martxoaren 3an izan zen Portalean, “Kateak apurtzen” dantza-ikuskizuna joan den larunbatean, martxoaren 4an, Untzagan, edo Coliseoan martxoaren 6an eskainitako "Las que limpian" antzerki-lana.

Jarduera aipagarrienetako bi, Portalean antolatu diren erakusketa biak dira, martxoaren 26ra bisitatu daitezkeenak. Bi erakusketa hauetan, batetik, Saioa Burutaran artistaren pintura-lanak daude, ‘Laranjen artean’ erakusketaren barruan —paisaia mediterraneoaren, emakumearen eta hark gizartean duen paperaren arteko erlazioaren azterketa pertsonala— eta, bestetik, ‘Urtaroak. Ordu batetik hamarretara’’ haurrentzako liburuaren 40 irudi original, Maite Rosende artistarenak.

Erakusketa bikoitz hau Eibarko Udaleko Kultura Sailak eta Berdintasun Zerbitzuak antolatu dute, Katapulta Plataforma eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

Bestalde, martxoaren 8an bertan, Emakumearen Nazioarteko Egunean, antolatuko diren jarduerei atxiki zaie Udala. Martxoaren 8ko Plataforma osatzen duten elkarteek sustatu dituzte jarduera horiek, eta horien artean, egun horretan Untzaga plazan 19:00etatik aurrera egingo den ohiko kontzentrazioa, “Denon bizitzak erdigunean” lemapean.

Bestalde, Errebal Plazak martxoaren 17ra arte izango du ‘Itsaspeko Bihotzak’ erakusketa, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei zuzendua. Literatura-aretoa da,  euskal haur-literaturaren bidez genero-berdintasunaren gaia lantzen duena. Jarduera hori Berdintasun Sailak eta Eibarko Udaleko Juan San Martin Udal Liburutegiak antolatu dute.

Martxoaren 18rako, tailer bat antolatu da, “Re-cordis. Pasar de nuevo por el corazón” izenekoa. Ekitaldia Portalean izango da, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era. Izena emateko epea martxoaren 10era arte egongo da zabalik, eta interesa dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute andretxea@eus helbidera.

Egun horretan bertan, larunbatean, hilak 18, Coliseo Antzokian, 19:00etan, “Hobe ixilik!” izeneko lana eskainiko da, Eibarko 46. Antzerki Jardunaldien barruan. Eibarko Udaleko Kultura Sailak eta Eibarko Emakumeen Mahaiak antolatu dute funtzioa.

Bestalde, martxoaren 28an, asteartean, “Habitaciones Propias y Espacios de Empoderamiento (Gela propioak eta ahalduntze-espazioak)” solasaldia egingo da Goi Argi Emakumeen Elkartearen egoitzan (Toribio Etxebarria, 19), 18:30etik aurrera. Ondoren, musika-ikuskizun bat eskainiko da,  “Una habitación propia (Gela propioa)” izenarekin,  Neledantzaren eskutik. Azkenik, egun horretan La Sinsorga kultura-zentro feminista aurkeztuko da, Bilboko Zazpi Kaleen topalekua, Andrea Momoitio eta Irantzu Varelarekin egindako elkarrizketaren bidez.

Martxoaren amaieran, Andretxean, Eibarko Emakumearen Etxean, “Andretxea, gure gela propioa” erakusketa izango da, non Eibarko 12 artistak hartuko duten parte, hainbat arte-diziplinatatik.

Azkenik, Juan San Martin Liburutegiak, Berdintasun Zerbitzuarekin (Andretxea) lankidetzan, martxoaren 8arekin eta emakumeekin zerikusia duen irakurketa-gida prestatu du.