Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonak

Pertsonak beren etxean jarraitzea eta moldatzea da helburu nagusia. Baliabide hauek daude:

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua asistentzia- eta prebentzio-zerbitzu bat da, erabiltzaileei etxean ahalik eta denbora gehien bizitzen laguntzen diena, etxean moldatzeko eta komunitatean integratzeko laguntza eskainiz, isolamendurik gabe. Hiru laguntza mota eman daitezke: arreta pertsonala, etxeko lanetarako laguntza eta laguntza soziala.

Mendekotasunaren balorazioa

Pertsona horren autonomia-maila eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko duen gaitasuna baloratzen da; halaber, orientazioa eskaintzen da eta mendekotasuna duen adineko pertsonarentzat zer baliabide diren egokienak zehazteko aukera ematen du.

RAI balorazioa

Pertsona orientatzeko aukera ematen du, eta mendekotasuna duen adineko pertsonarentzat  zer baliabide diren egokienak zehazten du: egoitza, eguneko zentroa eta egoitzako aldi baterako egonaldia.

Desgaitasunaren balorazioa

Organo, aparatu edo sistemaren batean akats iraunkorrak dituzten pertsonentzat da, eta kontuan hartzen ditu, gainera, faktore pertsonal edo sozialak, desgaitasunak berak eragindako desabantaila-egoera larriagotzen dutenak.

Sendian programa

Etxean mendekotasun-egoeran dauden pertsonei laguntzen dieten familientzako programa bat da, familiako desorekak saihesteko, bizikidetza normalizatua eskaintzeko eta mendekotasuna duen pertsonari arreta egokia emateko.

Programaren barruan sartzen dira prestakuntza, elkarri laguntzeko taldeak, laguntza psikologikoa, iraupen laburreko aldi baterako egoitza-arreta eta asteburuetako eta jaiegunetako eguneko arreta. 

Eguneko zentroa

Eguneroko jarduerak egiteko laguntza behar duten adinekoentzako zentroak dira. Batez ere familiarekin bizi diren adinekoentzat dira. Gaitasun fisiko, psikologiko eta sozialei eusteko eta indartzeko, eta garraio, higiene, jantoki eta osasunaren jarraipenerako zerbitzuak emateko behar diren zainketa pertsonalizatuak eskaintzen dira. Garraio-zerbitzua ere eskaintzen da.

Egoitzak

Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago zerbitzu hau, eta mendekotasuna duten adineko pertsonei ostatu ematen zaie eta arreta pertsonalizatua eskaintzen zaie.

Bi egonaldi mota daude: egoitza iraunkorra eta aldi baterakoa.

Mendekotasunaren prestazio ekonomikoak

Familia barruko zaintzetarako eta profesionalak ez diren zaintzaileentzako laguntza ekonomikoa: mendekotasuna duen pertsonari bere familia inguruko zaintzaile ez-profesionalek laguntzeko.

Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa: mendekotasun handia duten pertsonei hezkuntzarako eta/edo lanerako sarbidea erraztuko dien laguntzaile pertsonala kontratatzeko eta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan autonomia handiagoa izateko.

Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa: mendekotasuna duen pertsonarentzako arreta eta zainketa zerbitzua eskuratzeko bakarrik. Prestazio hau bakarrik emango da, ezarritako baldintzak bete eta zerbitzu publiko edo itundu bat ezin izan denean eskuratu.

Orientazio juridikoko zerbitzua

65 urteko edo hortik gorako pertsonei eta familia barruko zaintzagatiko prestazioa jasotzen duen pertsona baten familiako zaintzaileei aholkularitza juridikoa emateko zerbitzua da. Kontsulta juridiko bakarra eskaintzen da (Zuzenbide zibila, Gizarte Segurantza, administrazioa…), biztanle-talde kezka-iturri diren gaiei buruz.

Jubilatuen-etxeak

Jubilatuen eta pentsiodunen topaleku eta parte hartzeko 4 etxe daude. Era askotako programak eta zerbitzuak daude etxe bakoitzean (Ipurua, Urki, Beheko Tokia eta Untzaga).

Adineko pertsona zaurgarrientzako, mendekotasuna dutenentzako eta haien zaintzaileentzako Esku Hartze Plana Eibarko udalerrian. 2016/2022.

Eibarrek esku hartzeko plan bat du, lau jarduera-ildo biltzen dituena:

•Adinekoak etxean egoten laguntzea

•Adinekoen osasuna eta ongizatea prebenitzea eta sustatzea

•Zaintzaileentzako laguntza eta arreta

•Komunitatearekiko sentsibilizazioa

Laguntza teknikoak

Informazioa, lanbide-orientazioa eta laguntza ekonomikoak ematea, laguntzako produktuak erosteko eta etxe barruan irisgarritasun-lanak egiteko, bai eta laguntzako produktuak lagatzeko ere. Hori guztia, desgaitasuna duten edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonak etxean egon daitezen sustatzeko, eta autonomia pertsonala bermatzeko, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko eta gizarteratzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzua da.

Udalaren laguntza teknikoak

Desgaitasuna, mendekotasuna edo eritasun larria duten pertsonen kolektiboei autonomia pertsonala eta eguneroko bizitzako jardueretan irisgarritasuna errazteko laguntza-produktuak emateko zerbitzua da. Produktuak aldi baterako lagatzen dira.

Eskaera telematikoki edo gizarte zerbitzuetan egin daiteke.

Ibilgailua aparkatzeko txartela

Desgaitasun bat dutenentzako eta mugitzeko zailtasunak dituztenentzako txartela da, eta irisgarritasun handiagoa ematen du kolektibo horrentzako aparkaleku espezifikoen bidez.

Baldintza batzuk bete behar dira: % 33tik gorako desgaitasuna izatea, 7 puntutik gorako mugikortasun arazoak izatea.

Telelaguntza

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu bat da, etxean larrialdi bat gertatzen denean laguntza azkarra jasotzeko. Etxeko telefono-sarera konektatuta dago, eta gailu sinple baten bidez bizkor deitzeko aukera ematen du.