Eibar historian zehar

Atal honetan gure hiriaren bilakaera markatu duten gertaera historikoak eta bilakaera ezagutu ahal izango dituzu: 1918ko Espainiako Gripea, 1934ko urriko iraultza, Eibarko alkateen zerrenda XV. mendetik gaur egunera arte.

20 urte soldaduska amaitu zela. Udal Artxiboak soldadutza derrigorrean egin zuten eibartar guztien dokumentazioa gordetzen du, 1877az geroztik.

2001eko martxoaren 9ko 247/2001 Errege Dekretuak amaiera eman zion Espainiako derrigorrezko zerbitzu militarrari. Jende guztiak espero zuen albistea izanik, dekretu hark aurreratu baino ez zuen egin hurrengo urteko abenduaren 31rako legez aurreikusita zegoen behin betiko bukaera. Kontuan izanik udalek funtsezko eginkizuna zutela denek beldurrez itxaroten zuten “aberriaren” deia helarazteko, Eibarko Udal Artxiboak gaur egun 37  metro lineal baino gehiago gordetzen ditu, soldaduskak kinten eta errekrutatzearen prozesuan sortutako dokumentazioarekin. Agiri horiek guztiek parada eskaintzen digute garai haietako eibartarren alderdi jada ahaztutako hura ezagutzeko.

Ejertzito erregularra Borboien eskutik iritsi zen Espainiara, XVIII. mende-hasieran, beste administrazio-erreforma moderno batzuen artean, eta ejertzitoarekin batera haren lerroak elikatzeko premia. Aukeratutako metodoa levarena izan zen, alegia, gizonen "soldadualdi" edo errekrutamendua, guduek, gaixotasunek eta bestelako gaitzek eragindako bajak ordezteko. Kontua eramangarriagoa egiteko, erabaki zen ejertzitora joan behar zuten gizonak zozketaz aukeratzea, eta bostetik bat izatea. Hortik “kinto” hitza.

Baina erregimen liberala izan zen —Cadizko Gorteetatik sortua— derrigorrezko zerbitzu militarra unibertsal eta urteroko bihurtu zuena.  Zerbitzu militarra dagoeneko ez zen “zama” bat erregeak bere mendekoei aldian behin ezartzen ziena, monarka absolutu gisa zituen eskumen baitan. Orain, aberria defendatzea —teorian denak ziren aberri— hiritar ororen betebeharra zen.

Aurrerantzean, Ejertzitoak urtero jakinaraziko zuen zenbat gizon behar zituen bajak ordezteko eta defentsa nazionalari aurre egiteko zer indar-maila behar zen –kopuru hori 50.000 ingurukoa izan zen, eta gerraren kasuan biderkatu egiten zen–, eta Gorteek ezarriko zuten probintzia bakoitzari zer kopuru zegokion, biztanleriaren arabera.

 Eibarko partikulartasuna

Lehen 40 urteetan Euskal Herriak eta Nafarroak soldadutzaren salbuespenaren foru-pribilegioa zuten, eta Eibar, beraz, hura egitetik libre zegoen. Behin Karlismoa militarki garaitu ondoren – zeinaren babesa euskal herritarren artean pribilegio horren defentsan oinarritu baitzen neurri handi batean–, gobernu zentralak obligazio militarrak ezartzeari modu ezin hobea iritzi zion probintzia menderagaitz horiek zigortzeko.

Baina Euskal Herrian ere izan ziren herritar gutxi batzuk —baina ez horregatik garrantzi gutxikoak—liberalismoa armak eskuan defendatu zutenak oso baldintza zailetan, eta zeinen laguntza estrategikoki erabakigarria izan zen batzuetan garaipena lortzeko. Hiritar leial haiek saritzeko, 1876ko ekainaren 21ko Legeak —foru-erregimen zaharreko amaiera ezarri zuenak— bosgarren artikuluaren hirugarren atalean soldadutzatik salbuesten zituen armak eskuan erregimen liberala boluntario gisa defendatu zuten guztiak, bai eta haien semeak ere.

Eibar ez zen garrantzitsua izan gerraren bilakaeran, baina bertako biztanleek boluntario liberalen unitateak eratu zituzten gogotsu, eta herriak, karlistek okupaturik, zerga-ordainarazpen eta harrapaketa ugari jasan zituen. Horregatik, Udal Artxiboan kintei buruz gordetzen den dokumentazioan, izen askoren ondoren exento art 5.3 oharra ageri da.

1897ko soldadualdian —errekrutatze hark hurrengo urteko Kubako Gerraren ondorio lazgarriak jasango zituen—, deitutako 70 gazteetatik 31 arrazoi horrengatik salbuetsi ziren (20 urte lehenago bizirik jaio ziren 97 umetatik). Datu hori aldera daiteke urte hartako gainerako 4 salbuetsiekin: haietatik 2 bakarrik salbuetsi ziren arrazoi fisikoengatik, eta, gainera baldintzekin eta behin behineko; eta beste biak soilik izan ziren baldintzarik gabe “kondizional” oharrarekin salbuetsi zirenak, alegia, garai modernoagoen kupo-eszedenten baliokidea izango litzatekeena.

Beste 33 eibartarri, aldiz, okerreko bandoaren aldekoen seme izateagatik edo herrira etorri berrien seme, soldadutzara joango ziren 33 plazak egokitu zitzaizkien, alegia, probintziak Eibarri biztanleriaren arabera esleitutako kopurua; plaza haien artean 16 Kuba, Filipina eta Puerto Ricorako ziren. Agirietan ez da bakarrik jasotzen duela 124 urte arnasa hartu zuten 31 familiaren arrastoa, edo, aitzitik, 33 familiaren balizko tragediarena; zerrenda horiek aukera paregabea eskaintzen digute herriko liberalismoaren eta kontserbadurismoaren anatomia berreraikitzeko.

1897. urtea izan zen seguruenik “boluntarioen seme” gehien erregistratu zuen urtea; orduantxe iristen ziren soldadutzarako adinera 20 urte lehenagoko boluntarioen semeak. Kinten dokumentazioak, 144 urtetan zehar, aukera ematen digu gure bizilagunen bizitzaren eta izatearen berri emateko.

Errekrutatzeko administrazio-prozesua, funtsean, herriko gizon guztien informazioa batzean zetzan.  Dokumentuek ageriko gauzak jasotzen zituzten —besteak beste, noiz jaioak ziren, edo, bertakoak ziren ala ez—, eta zehazten zuten noiz bete behar zuten beren obligazio militarra, baina baita beste datu asko ere, ejertzitoarentzat baliagarriak ziren ala ez zehazten zutenak, eta haien bizitza eta errealitatea ikusteko zeharkako informazio pila bat uzten digutenak: Zenbatek zekiten irakurtzen eta idazten? Osasuntsu zeuden? Zein zen haien ikasketa-maila? Eta lanbidea? Goitarrak edo behetarrak ziren? Kaletarrak ala baserritarrak? Urte jakin bateko zenbat iristen ziren soldadutzarako adina betetzera? Zein zen haien batez besteko altuera? Baita haietako askoren deskribapen fisikoa ere, esaterako, ilearen edo begien kolorea edo “gorpuzkera” (“martziala” izan zitekeena edo ez).

Odolezko zerga

Derrigorrezko zerbitzu militarra, jendearen artean soldadutza izenarekin ezagutua, ez zen inoiz oso onartua izan. Beste arrazoi batzuen artean ez zelako inoiz unibertsala izan. Paperaren gainean ideia handia zen, eta egiaz berdinzalea, baina Espainia liberala gutxitan nabarmendu zen bere ideal arranditsuak mamitzeagatik.

Espainia liberaleko lege-testu guztien adierazpen handiusteak gorabehera, alegia, aberria defendatzea espainiar ororen betebeharra eta eskubidea zela, are, ohoregarri eta harrotasunaren arrazoi ere, soldadutza Estatuak ezarritako beste zama bat bezala —eta ez arinenetakoa—  ikusten jarraitu zuten herritarrek, bereziki, ezberdinkeriak eginez banatu zelako beti.

Diru-kopuru bat ordainduta —1.000 eta 2.000 pezeta artean, hain zuzen, lanbide batzuen urteko soldataren pare—, familia dirudunek beren semeak kuarteletik libra zitzaketen. Pixka bat gutxiago ordainduta, partikularren artean adosten zen-eta, pertsona batek ordezko bat eros zezakeen bere ordez joateko.

Bi praktika horiek desberdinkeria mingarri bat uzten zuten agerian, baina lehenengoa bereziki gorrotagarria zen, esan nahi baitzuen aberatsek bizitza militarraren nahigabeak eta arriskuak ez pairatzeaz gain, semeak libratzean, haien plazak hutsik uzten zituztela kupoan, eta plaza haiek ordainketari aurre egin ezin zioten beste batzuen semeek bete behar zituztela. Hala, dirudunaren semea ataka hartatik irteten zen, baina ejertzitoak 50.000 gizon behar zituen urtero, eta baten batek joan beharko zuen. Zerga hura pobreenen gain ezartzen zen, eta odolez baino ezin zuten ordaindu.

1912an onartutako errekrutatze-lege berri batek amaiera eman zien bi praktika horiei—zeinak gizarte osoak jada batere erreparorik gabe gorrotatzen zituen—, eta haien ordez kuotako soldaduarena ezarri zuen. Printzipioa berbera zen: dirudunek diru-kopuru edo “kuota” batzuk ordaindu ahal zituzten —diru gutxiago, baina oraindik ere gehienen esku ez zegoen kopurua—, modua ematen zutenak haien semeek soldadutza askoz erosoagoa izateko. Tarifaren arabera, batek soldadutza laburragoa izan zezakeen, kidegoa eta destinoa aukeratu, zerbitzua saihestu naziotik kanpo, eta abar; betebehar bat zen, nahierara eta promozioekin egin zitekeena. Frankismoa izan zen, paradoxikoki, behin betiko amaiera emango ziona obligazioa arintzeagatik ordaintzeko aukera horri, nahiz eta oraindik unibertsitate-milizien abantaila jasotzen zuen goi-ikasketak zituztenentzat, zeinak, gehienak, gutxienez lehen urteetan, gizarteko klase baxuenetatik irteten baitziren.

Gainerako guztientzat, ez zen beste irtenbiderik geratu errekrutatze-legeetan jasotako salbuespenetan zirrikitu bat aurkitzen saiatzea baino: lege laxoenean 183 salbuespen izateraino iritsi ziren. Salbuespen horien artean honakoak sartzen ziren, besteak beste: guraso pobreen sostengu ziren seme bakarren errealitate sozio-ekonomiko gordinak;  hainbat gaixotasun edo elbarritasun, ahalbidetzen zutenak kuarteletik libratzea baina ez atsekabez betetako bizitza batetik; mota guztietako pikareskak; eta kazikismo eta klientelismo politikoa eguneroko ogia zen garai bateko nepotismoa. Eta azkenik, ausartenek bazeukaten deiari kasurik ez egitea. Iheslaritzat deklaratuta, normalean, herrialdea lagatzen zuten beste etorkizun sozial eta ekonomiko batzuen bila.

 Herriko kontu bat

Udalak ziren eragile nagusiak zama horren pisua herritarrei helarazteko orduan. Horregatik, Udal Artxiboak dozenaka kaxa ditu milaka eibartarren bizitzaren berri ematen dutenak, hasi 1897an deitutako 97 gazteetatik eta 1999ko —azken  urteko— 149etaraino.

Prozesuak aldaketa txiki batzuk izango zituen bere ibilbidean zehar, baina mekanismoaren funtsa beti izan zen berbera. Urte berriarekin batera, urtarrilaren lehen astean, urte horretan ezarritako adina —garaiaren arabera, 18 eta 21 urte artean— betetzen zuten gazteen zerrenda egin behar zen. Denek beldurrez itxaroten zuten izen-emate hura, errolden, bataio-erregistroen eta beste dokumentu ofizialen arabera egiten zen. Bando bidez iragarria, ekitaldi solemnea zen, eta, garai batean, bertan izaten ziren parrokoa eta sindikoa, eta baita alkatea, idazkaria eta zinegotziak ere.

Gero zozketa zetorren, eta handik aurrera erabakita geratzen zen zeinek ikusten zuen zerua zabalik kupo-eszendentziagatik —edo salbuespen batengatik—  libratzeagatik, zeinek etsi behar zuen penintsulako destino baten kontsolamenduarekin edo zeinek egin behar zien aurre itsasoaz beste aldera joatearen arriskuei.

Prozesu osoaren izaera burokratikoa gorabehera, kinten dokumentazioak badu kolorerik; izan ere, zirrikituetatik eibartar askoren bizitza eta abenturak ikus daitezke.  Bereziki zozketa aurreko alegazioen prozesuan zehar.  

Akatserako tarterik ere bazen, hala nola “Francisco” M.A.ren kasuan bezala —1948ko soldadualdikoa—, zeinak  salbuetsita zegoelako albiste pozgarria  jaso zuen “neska izateagatik”. Zer gertatu zen?  Misterioak paper-sorten artean jarraitzen du lurperatuta, baina, itxura guztien arabera, gazte horren jaiotza-agirian izen-ematea egin zuen idazlariaren kaligrafiak jokaldi makur bat eragin zien urte hartako soldadualdiaren arduradunei.

Franciscarena bezalako gertaera dramatikoak alde batera utzita —hala ere, Udalera jo behar izan zuen akatsa frogatzeko—, edo eibartar gizajo harena, zeinak zozketan zorte txarra izan zuela eta kuartelean itxaroten ziotela esanez jakinarazpena jaso baitzuen, noiz eta jada Kuban boluntario gisa zerbitzatzen zuenenean, Artxiboak milaka eskaera gordetzen ditu: luzapenak, alegazioak, salbuespenak, txosten medikoak  –benetakoak eta baten bat asmatutakoa—,  eta era guztietako gutuneria ofiziala, azaltzen diguna zein izan zen egoera hartan eibartarrei egokitu zitzaien zortea. Anonimoetatik hasi eta izen handietaraino, esaterako, Placido Zuloaga edo Toribio Etxebarria, biak ere salbuetsiak, boluntarioen seme izateagatik.

Mosaiko izugarria da, eta ia mende eta erdian zehar, tartekatu egiten dira administrazioaren alderdi mekanikoa eta eibartarren forma askotarikoak soldadutzari erresistentzia, edo etsipen hutsa, erakusteko. Kubako edo Marokoko gerra baino erbestea edo klandestinitatea nahiago izan zuten iheslarien espedienteetatik hasi, eta, soldadutzaren azken txanpan, hainbat arrazoirengatik luzapenak eskatu zituzten zientoka gazteren kasuetaraino. Adibidez, azken soldadualdian inskribatutako 149 gazteetatik 112, konfiantza baitzuten urte betez kuartelerako bidea luzatuta ez zutela sekula gehiago derrigorrezko zerbitzu hura bete beharko, behin betiko ezeztapena iragarrita zegoen-eta.

         Junta Local de Sanidad-ak onartutako bandoak. 1918 urtean.

        "Suscripción popular de donativos a enfermos" 1918 urtetan

 

 

        Zerrenda kontsultatu SAKATU HEMEN.