Akordeoia eta doinu txiki
Akordeoi edo eskusoinua haize instrumentu tekladuna da, munduan zehar oso hedatua baina nagusiki Frantzia, Ipar Amerika, Kolonbia (vallenatoa) eta Brasilen.
Hainbat akordeoi mota daude, adibidez akordeoi diatonikoa, folkloreari loturik oso zabaldua Euskal Herrian (trikitia), Parisen, Alemanian, Austrian, Kolonbian, Panaman, Mexikoko iparraldean, Argentinako ipar-mendebaldean eta Dominikar Errepublikan.
Akordeoi diatonikoaren antzekoa da Argentinako bandoneón izenekoa, tangoetan erabilia.
Eduki-taula
- 1 Jatorria eta egungo hedapena
- 2 Akordeoiaren atalak
- 3 Akordeoi motak eta euren berezitasunak
- 4 Akordeoi ekoizleak
- 5 Ikus, gainera
Jatorria eta egungo hedapena
Akordeoia edo eskusoinua 1830-eko hamarkadan (Polonian) asmatutako haizezko instrumentu musikala da. Akordeoia herrialde hauetan jotzen da gehien bat: Iberiar peninsulan (Galizia, Kantabria, Asturias eta Euskal Herrian; Europan zehar (Frantzia, Italia, Alemania, Polonia eta Austria); eta gainerako herrialdeak (Colombia, Panama, Peru, Txile, Argentina, Uruguay...)
Akordeoiaren atalak
Hiru zati handitan banatu daiteke; akordeoi guztiek dituzte hiru zati hauek: Diapasoia, hauspoa eta armonika kaxa.
Eskusoinu edo akordeoia hau Larrinaga-ren akordeoietako bat da, berak propio sortutako akordeoia. Akordeoi kromatikoa (botoi biribilak dituena), 120 baxu ditu.
Akordeoiaren erdian hauspoa kokatzen da, eta bere alde bietan, zurezko kaxa bi. Eskumako zurezko kaxan dago diapasoia eta bertan daude kokatuta akordeoiaren teklak (pianodun akordeoiak) eta botoiak (akordeoi kromatikoak -botoi biribila-). Akordeoiaren zati honek, melodia ematen digu.
Bestalde, hauspoaren ezkerraldean kokatutako zurezko kaxa, armonika kaxa deritzo eta zati hau, bai pianodun akordeoietan eta bai akordeoi kromatikoetan berbera da. Armonika kaxak, botoi biribilak ditu, eta akordeoi motaren arabera botoien kopurua aldatu egiten da; adibidez, pianodun akordeoiak 80 eta 120 (gehiago ere izan ditzake) baxu izan ditzake, baina trikitixak (soinu txikia), Euskal Herrian jotzen den istumentu ohikoak, 12 baxu besterik ez ditu. Armonika kaxa, diapasoiak sortzen duen melodiari ritmoa emateko erabiltzen da.
Akordeoi motak eta euren berezitasunak
Akordeoiak mota askotakoak izan daitezke, bakoitza tekla edo botoi kopuru desberdinekin, soinu desberdinekin, egitura eta forma desberdinekin.
Pianoduna: Akordeoi famatuena, gehien ezagutzen den akordeoia, pianodun akordeoia da. Diapasoian pianoak bezalako teklak ditu, berdin-berdin kokatuak. Eta ezkerraldean, armonika kaxan, 80, 120... baxu ditu. Pianodun akordeoia, normalean edo gehien bat, orkestra edo aretoetan jotzen den akordeoi mota da; baina ez beti.
Kromatikoa: Honetaz aparte, akordeoi kromatikoa ere badago. Armonika kaxa pianodun akordeoia bezala du (motaren arabera), baina diapasoian, pianoa bezalako teklak izan beharrean, botoi biribilak ditu. Akordeoi mota hau, kaleetan zehar ikus daitekeen akordeoi mota izan daiteke, informalagoa, herrikoiagoa. Honen eredu, Euskal Herrian gehien bat jotzen den akordeoi mota, Trikitixa, akordeoi herrikoia da, tamainu txikikoa (eraman erraza) eta 12 baxu besterik ez dituena. Trikitixak, diapasoian edozein akordeoi kromatikok bezala botoiak ditu, baina botoi kopurua, akordeoi mota batetik bestera aldatzen da. Trikitixak 23 botoi ditu, bi ilaratan banatuak, 12 ilara batean eta 11 beste ilaran. Hiru, lau eta bost ilarako akordeoiak ere badaude.
Akordeoi ekoizleak
Euskal Herrian akordeoien marka famatuena Larrinaga Guerrini da. Garai batean bi akordeoi egile hauek, bata euskalduna eta bestea italiarra, batera egiten zuten lan baina arrazoi batzuk zirela medio, banatu eta bakoitzak bere akordeoi propioak sortzen hasi zen. Beranduago berriro batu egin ziren.