Armeria Eskola Funtsa
Armeria Eskolako espazioaren birmoldaketa dela eta, liburutegia barne hartzen zuten lokalak beste helburu batzuetarako erabiltzeko asmoa zegoen.
Armeria Eskolako arduradunak harremanetan jarri ziren Hezkuntza Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzako Artxibo, Liburutegi eta Argitalpen Zerbitzuarekin. Liburutegiaren edukia baloratu ondoren, honako hau ebatzi zen: alde batetik, Artxiboko funtsak Euskadiko Artxibo Orokorrera transferitzea, eta, bestetik, bibliografia-funtsa Eibarko Udal Liburutegira lekualdatzea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Nagusia ez dago pentsatuta Armeria Eskolako funtsaren modukoak gordetzeko, eta, gainera, Eibarren utzita lortzen da bilduma lotuta eta udalerrian bertan mantentzea, zaindu, kontserbatu eta ondoren teknikoki tratatzeko.
Beraz, Eibarko Udaleko alkateak eta idazkariak eta Armeria Eskolako zuzendariak sinatutako lagapen-akordio baten ondoren, bilduma bibliografikoa Portaleko udal-bulegoetara lekualdatu zen.
Udal Liburutegiak jaso duen funtsaren lehen inbentarioa amaitu ondoren, orotariko funts batez gain, bilduma liburu teknikoz osatuta dagoela egiaztatu da, 1913an inauguratu zenetik zentroan ematen ari den prestakuntzaren euskarri izan direnak.
XIX. mendeko 52 liburu jaso dira; 1.056 titulu inguru 1900 eta 1958 bitartean argitaratuak eta, beraz, ondare bibliografiko funtsekoak; 1959az geroztiko 1.017 liburu; eta 160 liburu inguru, argitaratze-datarik ez dutenak.
Jasotako funtsaren zati bat euskal bibliografiakoa da, egilearengatik, gaiagatik edo argitaratze leku eta argitaletxeagatik.
Jasotako liburuen artean, gure herriko bilduman sartuko diren hauek daude, besteak beste: “Conferencias sobre nociones generales de higiene del obrero siderúrgico, dadas en la Escuela de Armería de Eibar en el curso de 1917”, Eibarko Niceto Muguruza medikuarena, zeinaren edizio faksimil bat egin baitzen 2018an; Eibarko Fomento Industrial y Comercial erakundearen Memoria presentada por la junta directiva en la asamblea general del día 8 de febrero de 1926; Eibarko Escuela Especial de Mecánica de Precisión y de Armería beraren zenbait argitalpen; eta Cámara Oficial Armerako araudiak.
Bi pertsona kontratatuta, horietako bat Eusko Jaurlaritzako Liburu eta Liburutegi Zerbitzuak eta bestea Eibarko Udalak finantzatuta, funts hori guztia teknikoki prozesatu da jada, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko katalogoan kontsulta daiteke, hemen jarritako bilaketa erabiliz.