Uztailaren 15ean Mercedes Kareaga Gisasola (1908-1997) liburuaren aurkezpena izango da, 18:00etan, udaletxean
Liburu hau Mercedes Kareaga bekaren lehenengo edizioaren emaitza da
Hurrengo asteazkenean, hilak 15, Mercedes Kareaga Gisasola (1908-1997) liburuaren aurkezpena egingo da udaletxeko Osoko Bilkuraren Aretoan, arratsaldeko 6etan. Liburu hau 2022an kaleratu zen Mercedes Kareaga ikerketa-bekaren emaitza da.
Begoña Etxenagusia Atutxa da ikerketaren eta liburuaren egilea. Kazetaritzan lizentziaduna eta Historian doktorea den Begoña Etxenagusiaren ikerketa-esparru nagusia kolonialismoaren ingurukoa izan da. Marokoko espainiar protektoratuan prostituzioak izan zuen presentzia nabarmena aztertzen duen “La prostitución en el Protectorado español en Marruecos 1912-1956” bere doktore-tesia 2019an aurkeztu zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean.
Hala ere, beste hainbat gairi buruzko artikuluak ere argitaratu ditu. Aipatzekoak dira “99/22 Spassk, marinos vascos en el gulag” (Deia), hamalau euskal marinelen patuari buruzkoa; edo “Claudek: paisaje de devastación” (Deia) Claude-Marguerite de Kinnoull argazki-kazetari ingelesaren historia: 1937ko apirilaren 24ko eta 25eko bonbardaketen ondoren, Eibar oraindik sutan zela, handik egun bira hondamendia erakusteko argazkiak atera zituena.
Bi urteko ikerketaren emaitza da hurrengo astean aurkeztuko den liburua; Mercedes Kareagaren bizitza eta, bereziki, gizartegintza arloan izandako ekarpena balioan jarri nahi izan du egileak.
Bai beka, baita liburuaren edizioa ere, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan egin da. Aurkezpenaren egunean bertan liburua erosteko aukera egongo da.