Urki hasi da jaietarako prestatzen: musika, paellak eta familiako guztientzako jarduerak egongo dira, maiatzaren 30etik 31ra

Bi egunez, auzoa giro betean egongo da, zuzeneko musikarekin, lehiaketekin eta haurrentzako jarduerekin. Alkateak eta Kultura zinegotziak jai hauen balioa azpimarratu dute, auzoetako identitatea eta bizitza indartze aldera.
Urkiko auzoa berriz ere jai-giroan murgilduko da maiatzaren 30 eta 31n, musikaz, gastronomiaz, eta adin guztietako jendearentzako jarduerez blai. Dagoeneko herriko egutegian errotuta dagoen hitzordu bat da, ondo pasatzeko ez ezik, auzoari bizitza eta kohesioa emateko ere bai, horrela auzo- eta ehun-identitatea indartzeko.
Txupinazoa 30ean izango da (ostirala), 19:00etan, eta ondoren trikipoteoa egongo da. Gauean, musika izango da nagusi, The Vartools y Judash taldeen kontzertuekin, 22:30etik aurrera.
31n, larunbata, indarrez hasiko da eguna: 11:00etan, Kurutzeagan Txikikrosa egingo da, txikienei begirako kirol-proba. Eguerdian, paellek beteko dute plaza, 12:00etan lehiaketa egingo da-eta. Arratsaldean, 17:30etik aurrera, umeentzako jarduerak antolatu dira, eta, ondoren, 19:30ean, Irulitxa Txarangak alaituko du auzoa. Egunari amaiera emateko, Buen Castigo taldeak joko du, Fito y Fitipaldis taldeari eginiko tributuarekin.
Jon Iraola Eibarko alkateak jai hauek herriko kulturaren agendan duten garrantzia nabarmendu du: “Urki auzoko jaiak funtsezkoak dira Eibarko izaera mantentzeko. Aukera ematen digute komunitatea sortzeko, bizilagunen parte-hartzea indartzeko eta gure auzoak leku hurbilagoak, aktiboagoak eta alaiagoak izan daitezen laguntzeko”.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak auzotarren lana azpimarratu du: “Jai hauek ezingo lirateke antolatu auzoan urtez urte inplikatzen direnen ahaleginik gabe. Kulturak eta herritarren parte-hartzeak erakusten dute maitasunez eta konpromisoz hiria behetik eraiki daitekeela".