Untzagako dorrea, Salón Teatroaren lekua hartu zuen Gipuzkoako etxebizitza-dorre altuenetarikoa.

"Salón Teatro, 1952" (Atzo goizeko ipuinak, Martin Azpilikueta)

"Salón Teatro, 1952" (Atzo goizeko ipuinak, Martin Azpilikueta)

2021/10/19

1952ko ekainaren 3an erori zen Salón Teatroaren egitura eta 1954an bota zuten. Urte asko igaro zen dorrea jaso arte.

Eibarko bihotzean kokatua, Untzagako dorrea Gipuzkoako etxebizitza-dorre altuenetariko bat da. 77 metroko altuera du, 19 solairu, eta etxabe bat.

Baina, dorrearen aurretik, beste eraikin famatu bat egon zen leku berean,  Salón Teatro, alegia, eskualdean zegoen aisialdirako tokirik garrantzitsuenetakoa, 1872an eraikia.

Aretoa, ziotenez, toki dotorea zen, egurrezko zorua eta butaka granateak zituena; igeltsuzko sabaia zuen elementu apaingarriekin, eta eszenatokian Eibarko harmarria. Barruan oso ekitaldi garrantzitsuak antolatu ziren, esaterako, lehen mitin sozialista han izan zen 1897an. Juventud Republicanaren egoitza ere han egon zen. Musika-ikuskizun ugari egin ziren bertan, adibide bat jartzearren Katiuska opera, Celia Gámez eta Pacita Delgadorekin (bibolina jotzen zuen neskatila bat); revistak ere egoten ziren helduentzat gaueko hamarretatik aurrera. 30eko hamarkadan zinema-emanaldiak egoten ziren etengabe gaueko 11ak arte. Sarreraren prezioa 65 zentimokoa zen. Ez zegoen adin-mugarik sartzeko, filmak publiko guztientzat izaten zirelako.

1952ko ekainaren 3an ‘Yo también soy de Jalisco' pelikula ematen ari zirela, egitura guztia behera erori zen. Ebakuazioa azkarrari esker, ez zen biktimarik egon, baina bai zauritu ugari. Jabeak Udalaren baimena lortzen saiatu ziren teilatua konpontzeko, baina Udalak ez zien eman, eta eraitsi egin zuten 1954an.

Hutsik geratu zen orubean dorre bat eraikitzea pentsatu zuten. Urte asko pasa ziren gestioak egiten jabeen eta errentarien artean akordio batera iristeko. Alkatetzak bitartekari-lanak egin zituen, eta kalte-ordainak eman zitzaizkien etxebizitzetan bizi zirenei.
Dorrearen sustatzailea Miguel Zubillaga izan zen eta arkitektoa Andrés Basterrechea Arzadun, Irungo udal arkitektoa, Nestor Basterrechearen anaia, hala baitio Eibar aldizkarian 1965ean arkitektoari egin zioten elkarrizketan: “Trabajo en equipo con mi hermano Nestor, pintor y escultor, que colabora en los aspectos estéticos de mis proyectos.” 1966an hasi ziren obrak eta 1968 eta 1969an amaitu, desarrollismo betean. Hasieran, etxebizitzak askoz ere handiagoak izan behar ziren, baina txikiagoak egin zituzten azkenean, aurreikusitako etxe-kopurua bikoiztuz. Egiturak bi forma ditu funtsean: etxabean kubo itsu bat zinemarako eta L formako egitura bat etxebizitzetarako eta bulegoen lokaletarako. Eraikuntza-prozesuan hainbat arazori egin behar izan zieten aurre, izan ere, ura azaldu zen zimentazio-lanei ekin zietenean.

Dorrea ez zen guztien gustukoa, batzuek zioten plazaren izaera suntsitzen zuela eta ez zuten begi onez ikusten. Esaterako, Saez eta Basañez arkitektoek halaxe esan zuten: “los visitantes que vayan en dirección a San Sebastián, al descender por esa especie de tobogán que es la calle de Isasi, tienen la sensación de que van a estrellarse contra una barrera de hierro y hormigón.” Beste batzuek, berriz, herriaren ezaugarriak kontuan hartuta —orografia korapilatsua eta espazio falta—, egokia zela zioten, alegia, gora begira eraiki behar zela.

Untzagako dorrearen oinarrian dagoen kuboan lokal komertzialez gain, Untzaga zinema ere egon zen. 1970ean ireki zituen ateak, eta hasieratik kultur erreferentzia bat bihurtu zen herriarentzat. Eibarren sasoi batean 5 zine-areto ere egon ziren martxan: Coliseo, Rialto, Amaya eta Capitol. Untzaga zinema 2009. urtean itxi zuten. Aipatu behar da pantailaren albo bietan zeuden mural ederrak Miguel Angel Alvarez margolariak eginak direla.

Albiste honetako informazio-iturriak Eibar aldizkaria eta DVn Alberto Echalucek egindako artikulu batzuk izan dira.

Untzagako dorrea ez da Empire State, baina azken solairuan egon direnek esaten dute ez dagoela Eibarren halako bistarik duen beste eraikinik. Agian, sarrera kobratzen hasi beharko du baten batek...

etiketak: egoibarra