Su Ta Garrek eta Fangoriak eskainiko dituzte 2023ko San Juan jaietarako Udalak antolatu dituen kontzertu nagusiak

San Juan jaietako kontzertuak aurkezteko egindako prentsaurrekoaren irudia.

San Juan jaietako kontzertuak aurkezteko egindako prentsaurrekoaren irudia.

2023/03/07

Eibarko bandak ekainaren 16an joko du eta Alaska buru duen taldeak hurrengo egunean, biak ere Untzaga plazan. Jon Iraola alkateak zera esan du: “Kontzertu hauekin egiten dugun esfortzu ekonomiko handia konpentsatu egingo da, bi ikuskizun handi ikusteko aukera izango dugulako”.

Fangoria talde ospetsua eta Su Ta Gar rock talde eibartarra sanjoanetan izango dira aurten, ekainaren 16an eta 17an, Untzaga plazan egingo diren gaueko kontzertuetan.

Jon Iraola Eibarko alkateak eta Patxi Lejardi Kultura eta Festetako zinegotziak aurkeztu dute gaur sanjoanetako 2023ko bi kontzertu nagusiak biltzen dituen musika-egitaraua.

Su Ta Garrek ekainaren 16an (ostirala) emango du kontzertua, 22:00etatik aurrera. Eibarko taldeak estudioan grabatutako ‘Alarma’ tituluko bere hamabigarren diskoa aurkeztuko du Untzaga plazan.  35 urteko ibilbidean, talde eibartarrak hamabi aldiz jo du bere herrian eta hainbat eszenatoki zapaldu ditu; besteak beste, Ipuruako kiroldegia, Coliseo antzokia, Amaña auzoa edo Untzaga plaza.

Ibilbide luzea izan arren, Su Ta Gar publikoa erakartzen jarraitzen duen taldea da, eta oraingoan bere azken diskoko hamaika kantuak aurkeztuko ditu.

Hala, beste behin, aukera izango dugu Aitor Gorosabelek, Xabi Bastidak, Galder Arrillagak eta Igor Diezek osatzen duten Su Ta Gar Eibarren zuzenean entzuteko.

Eta hurrengo egunean, ekainaren 17an (larunbata), Alaska eta Nacho Canut buru dituen Fangoria taldearen kontzertuan izango da Untzaga plazan, 23:00etatik aurrera.

Fangoriak, 1989an sortutako taldeak estudioko 14 bilduma eta 71 single eta EP ditu.

Bi kontzertu hauek aurtengo sanjoanetako musika-eskaintza nagusia osatzen badute ere, Jon Iraolak eta Patxi Lejardik iragarri dute jaietako musika-programazioan beste emanaldi batzuk ere izango direla eta Eibarko jaien programazioa itxi ahala ezagutaraziko direla.

Alkateak adierazi duenez, Su Ta Gar eta Fangoria Eibarren egoteak “ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, baina seguru gaude merezi duela, eta espero dugu Eibarko eta beste herri batzuetako jendea etortzea”.

Fangoriaren kasuan, zera adierazi du Iraolak: “Une honetan jendeak gehien eskatzen duen taldeetako bat izango dugu Eibarren eta ikuskizun eder batez gozatu ahal izango dugu”. Eta Su Ta Garren kasuan, “oso talde maitatua da Eibarren eta iruditu zaigu haien azken diskoa aurkeztea pisuzko arrazoi bat zela herrian jotzeko".