Sostoa abesbatza

2022/11/04

Azaroaren 6ko kontzertuarekin Sostoa abesbatzak etapa bat itxi eta ibilbide berri bat hasiko du Eibarko Musika Eskolaren barruan

Sostoa Abesbatza Eibarko Udal Musika Eskolan integratu da eta ibilbide berri bat hasiko du. Datorren igandean, azaroak 6, orain arte izandako zuzendariak, Mirengu Plazaolak, agur esango dio abesbatzari Coliseoan eskainiko duten kontzertu berezi batekin. Coliseoan eskainiko duten kontzertuan gonbidatu bereziak izango dituzte, izan ere Tarragonatik etorriko den abesbatza bat egongo da, Cor Xera. Sostoa abesbatza uztailean egon zen Tarragonan eta oraingo honetan, elkartruke moduan, Tarragonakoak etorriko dira Eibarrera.

Sostoa Abesbatza Hibai Etxebarria musika eskolako irakasle berriak zuzenduko du garai berri honetan. Orain arte musika eskolan bi abesbatza egon dira: JBG (Juan Bautista Gisasola Korua) haurren abesbatza, eta EKG (Eibarko Koro Gaztea) gazteen abesbatza. Sostoaren integrazioarekin, helduen abesbatza sortuta, adin guztietarako formakuntza egongo da hemendik aurrera udaleko musika eskolan. Entseguak musika eskolan izango dira astearte eta ostegunetan 20:15etik 21:45era, eta koroa ezagutu eta probatzera joateko, musika eskolak ateak ireki nahi dizkio abestea gustuko duen edonori eta, are gehiago, abesten ikasi nahi duenari. Ez da beharrezkoa aurretik musika ezagutzarik izatea; musikarako zaletasuna eta abesteko gogoa baino ez dira behar parte hartzeko.