"Santiago-etxea, lugar de encuentro" dokumentala, sarean

2020/12/09

Ibilbidea Santiago-etxearen historian zehar, eta haren eraikitze-prozesuaren abentura Margarita Ruyraren eskutik.

Zuloaga familiaren bigarren argazki-albuma iturri dokumental aparta da bizi-espazio eta espazio artistiko bat eraikitzeko prozesuaren abentura ulertzeko.

Eta Valentine Dethomas izan zen, Ignacio Zuloagaren emaztea, argazki bakoitzaren atzean, kronista baten antzera, agertzen diren pertsonen izenak, lekuak eta datak eskuz idatzi zituena; eta arkatzez jasotako ohar horiekin marraztu du pintorearen etxearen historia Ekonomian doktore eta Revista de Museología aldizkariaren sortzaile den Margarita Ruyra de Andradek; aita Placido hil zenean Eibar utzi eta Parisera bizitzera joan ondoren, bere sorlekuan leku bat aurkitu nahian familiarekin bizitzeko eta lagunak biltzeko etxea.

Hor daude 1910eko enkantean erosi zituen lursailak jasotzen  dituzten irudiak; Eibarrek 1912ko urtarrilaren 6an eskaini zion omenaldia; etxea finkatzeko obrak; Pedro Guimon arkitektoa eta etxea egiten lagundu zuten pertsonak; etxearen inaugurazioa 1914ko uztailaren 14an, Eibarko Musika Bandarekin; 1916an, itsasoaren kolpeei aurre egiteko etxearen inguruan jasotako hormatzarra — Mathieu de Noailles kondesaren erretratua Ramon de la Sotari salduta ordaindu zuen obra—. Eta beste hainbat kontu.

Irudiek Zumaiako Zuloaga-etxearen historia azaltzen digute. Margolari eibartarrak topaleku eta bizileku izateko jaso zuen etxea gaur egun ere zabalik dago ikerlari ororendako, fototeka, hemeroteka eta garrantzi handiko gutun-artxiboarekin.

Ignacio Zuloaga eta Valentine Dethomas senar-emazteak. Argazkia: Fundación Zuloaga, Zumaia.

Ignacio Zuloaga eta Valentine Dethomas senar-emazteak. Argazkia: Fundación Zuloaga, Zumaia.

etiketak: egoibarra