San Andres azokak 78 ekoizle bilduko ditu aurten

2017/11/27
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako produktuen erakusketa, lehiaketa eta salmenta egingo da urtero legez. Azokan salgai ipiniko dira ondorengo produktuak: barazkiak, frutak, eztia, gazta, txakolia, ogia eta lorak.

2017ko San Andres Azoka datorren ostegunean, azaroak 30, ospatuko da Eibarren eta guztira 78 ekoizle bilduko dira. Aurtengo azoka Txaltxa Zelai eta Untzaga artean banatuta egongo da. Bertan, Eibarko hiru baserri izango dira: Guisasola eta Loixola baserriak, barazkiekin eta Sosola, ogiarekin.

Azokan salgai jarriko diren produktuen zerrenda eta jatorria honako hau da: barazkiak (16); frutak (4); ogia (21); gazta (27); eztia (7); txakolia (postu bakarra); lorak (2). Sariak honako hauek izango dira: 1. saria, 180 euro (barazkiak, frutak, eztia, ardi gazta eta ogia) eta 2. saria 120 euro produktu berdinentzat. Aipatutako sariez gain, aurkezpen onenarentzat bi sari egongo dira: lehenengoa, 150 eurokoa eta bigarrena, 90 eurokoa. Eibarko baserrien artean, onenari 90 euroko saria emango zaio. Amaitzeko, parte hartzaileen artean epaimahaiak 80 euroko aipamenak bana ditzake.

Abeltzaintza erakusketa

San Andres azokan salgai jarriko diren produktuez gain, urtero legez, abereen erakusketa ere izango da; aurten Juan Gisasolan kokatuko da. Eskualdeko 13 baserrik ekarriko dituzte aurten animaliak. Hala, erakusketa horretan ikusi ahal izango diren animaliak honako hauek dira: behiak, idiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, hegaztiak eta untziak. Gainera, erakusketan parte hartuko duten baserriak honako hauek izango dira: Sumendixa Goikua, Loixola, Agarre, Amazabalegi, Mandiola Gainekua, Aritxulueta, Zumaran, Iturrua eta Orbe.

Kartel irabazleak

Bestalde, Sanandresak 2017 kartel lehiaketaren epaimahaiak erabaki zuen saria ematea Gerard Sancho Novell katalanaren “Garabatos y verduras” lana izenekoari. 11 eta 14 urte artean Miren Lageren Mr Txerri! lanak lortu du saria eta 10 urte arte Miren Arroitajauregiren “Azokatik bueltan” kartela. Edizio honetan 60 kartel izan dira, 19 helduen kategorian, 6 kartel, 11 eta 14 urte bitarteko kategorian eta 35 kartel, 10 urte arteko kategorian.

2017ko San Andres eguneko egitaraua

San Andres eguneko programa honako hau da:

  • 09:30.-XXXIX. SAN ANDRES NEKAZAL AZOKAren epai-mahaiaren lanen hasiera.
  • 09:30.-GANADU ERAKUSKETA  Juan Gisasola kalean (Epaitegien plazoletan).
  • 12:00.- BIKOTEKA AIZKOLARIEN TXAPELKETA (gazte txapelketan 2 bikote eta helduen txapelketan 3 bikote) Toribio Etxeberria kalean.
  • 12:00.- German Meabebasterretxea eta Jose Luis Gorrotxategi BERTSOLARIen eta Jainaga eta Narbaiza TRIKITILARIEN EMANALDIA eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren TRIKITILARIEN KALEJIRA.
  • 12:30.- PLAZARA DANTZARA ERROMERIA Kezka Dantza Taldearen eskutik, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin.
  • 13:00, SAN ANDRES AZOKA, PINTXO TXAPELKETA eta KARTELen sari banaketa. 
San Andres azokak 78 ekoizle bilduko ditu aurten

Patxi Lejardi, Euskara eta Kultura zinegotzia.