Eibarko Udala
kultura

"Preguntamelón" antzezlanaren beste funtzio bat programatu da Eibarren, lehenengorako sarrerak berehala agortu baitira

2026/02/17
Millan Salcedo.
Millan Salcedo.

Emanaldia 2026ko martxoaren 13an izango da, Coliseo Antzokian, 19:00etan. Udalak nabarmendu du udal antzerki-programazioaren aurrean jendeak izandako erantzun bikaina.

Eibarko Udalak iragarri du Millán Salcedo umoregilea protagonista duen Preguntamelón antzezlanaren bigarren funtzioa antolatu duela, aurreikusitako lehen saiorako sarrerak oso epe laburrean agortu baitira. Martxoaren 13an izango da saio hori, Coliseoan, 19:00etan.

Ikuskizunak umorea, gaurkotasuna eta Millán Salcedoren esperientzia pertsonalak uztartzen dituen antzezpena da. Emanaldian zehar, artistak bere lan-ibilbideko pasadizoak eta hausnarketak partekatzen ditu, garraztasuna, grazia eta bat-batekotasuna nahasten dituen bere estilo berezkoarekin. Funtzioan aurkezle-kazetari batek ere hartzen du parte, ikuskizunari egitura eta dinamismoa eman, eta publikoari gertuko esperientzia parte-hartzaile bat eskaintze aldera. Millán Salcedok berak dioen bezala, “Une honetatik aurrera… zin dagit egia, egia osoa, kontatuko dudala, nahiz eta egia osoa gezurra irudituko zaizuen”. Hala, funtzio honen ezaugarri diren zintzotasuna eta hurbiltasuna azpimarratzen dira.

Jon Iraola Eibarko alkateak oso modu positiboan baloratu du jendeak antzezlanari egindako harrera eta baita herriko kultura-programazioak bizi duen unea ere. “Sarrerak hain azkar agortzeak argi adierazten du zer interes handia dagoen Eibarren kulturarekiko, eta, batez ere, arte eszenikoekiko. Herritarrak oso erantzun ona ematen ari dira, Coliseo Antzokian eskaintzen den programazioa baloratzeaz gain, parte hartzen baitute bertan.

Eta, zera gehitu du: “Udalarentzat lehentasuna da kalitatezko kultura-eskaintza irisgarria eta anitza bultzatzea, herriko bizitza kulturala aberastu eta antzerkigintza kontsolidatzeko, herritar guztientzat elkartzeko gune erreferentea izan dadin”.

Andoni Zabala Kultura zinegotziak jardunaldien arrakasta azpimarratu du. “Antzerki jardunaldiak erritmo onean doaz, eta publikoa oso erantzun ona izaten ari da. Erantzun horrek berretsi egiten du Coliseoan programazio egonkorra, anitza eta erakargarria eskaintzeko egiten ari garen lana”, baieztatu du.