Eibarko Udala

Musika Eskolak 1. maila eskainiko du 4 eta 6 urte arteko haurrentzat, irailetik aurrera

2017/06/01
Matrikula egiteko epea ekainaren 5ean zabalduko da.

Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak 1. maila eskainiko du 2017ko irailetik aurrera 4 eta 6 urte bitarteko haurrentzat, hau da, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako umeentzat. Astean behin, ordubeteko saiora joango dira 4 eta 5 urteko umeak eta astean 45 minutuko bi saioetara, berriz, 6 urte dituztenak. Klase bakoitzak, gutxienez, sei ikasle izan beharko ditu, eta 12 ikasletik gora badaude, bi gela antolatuko dira. Klaseak 17:00etan hasiko dira.

Klaseak emango dituen arduradun den Maite Arroitajauregik adierazi du "erabili beharreko metodologia irekia izan behar da eta talde bakoitzaren beharretara egokitu". Gainera, esan du "eduki musikalak gorputzaren laguntzaz landuko dira".

Musika Eskolako zuzendari pedagogiko den Markos Juaristiren hitzetan, "eskaintza berriak haurren ezagutza maila hobetzen lagunduko du, baita erritmoa, entzumena eta bestelako alderdiak garatzeko ere". Horrek guztiak, "garapen kognitiboan, intelektualean eta emozionalean eta haurren arteko harremanetan lagunduko du", gaineratu du.

Gaur egun, 7 urtetik gorako ikasleentzat 2. eta 3. mailak eskaintzen dira Musika Eskolan.

Musika Eskolan 2017-2018 ikasturtean eskainiko diren maila guztietan izena emateko epea ekainaren 5ean zabalduko da. Interesatuek Pegorara, Herritarren zerbitzurako bulegora, jo beharko dute.

Matrikulazio orria deskargatzeko SAKATU HEMEN.