«Makina eskua da» interbentzioa inauguratu da Armagintzaren Museoan

2016/07/29

Interbentzioa irailaren 16ra arte egongo da zabalik.

Ibon Aranberri artistak «Makina eskua da» interbentzioa inauguratuko du gaur ostirala, uztailak 29, 19:00etan, Armagintzaren Museoan egingo duten ekitaldi irekian. Interbentzio hori irailaren 16ra arte egongo da ikusgai; abuztuan, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era, eta iralean, berriz, asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara. «Makina eskua da» Donostia 2016, Europako Kultuk Hiriburuaren Bake-ituna proiektuko Aldiriak interbentzioen parte da, eta Eibarreko Udalaren, Armagintzaren Museoaren eta Armeria Eskolaren laguntza du.

Formen inbentario baten bidez, «Makina eskua da» interbentzioak gure inguruko armagintza industria zibil bihurtu arteko prozesua ondare material komunaren bidez aztertuko du. Azken urtean, Ibon Aranberrik irakaskuntza teknikoa eta eskuko irakaskuntza bildu zuten eskoletako eta tailerretako gailuak eta piezak bilatu ditu. Hala, Nader Koochaki koordinatzailearekin eta boluntarioekin batera, armagintzako piezen esanahi aldaketa lantzen joan da, haien jatorriko sorreratik desberdindu arte.

Ekainaren 5ean aurkezpen batean bildutako edukiak erakutsi ondoren, Ibon Aranberrik Eibarko Armagintzaren Museoko espazioa eraldatu du, museo-arkitektura zeharkatzen duen antolaketa linealaren bidezko sekuentzia bat proposatzeko. Hala, espazio berean bi erakusketa mota uztartu dituzte: egungo museoetako ibilbide didaktiko-tematikoa eta garai bateko erakusketa dibulgatiboen formalismo zurruna.